Mendeurrenarekin batera itzuliko da Zementon Añorgako jaietara
Otsailean motorrak berotu zituzten Dibertimenduarekin, eta martxoan dagoeneko Karmengo festak antolatzen hasi ziren. Bihar hasi eta hilaren 17ra bitarte egitarau zabala prestatu dute, berritasunekin.
Ezkutuan izan dute bi urtez, baina hautsa kentzeko unea iritsi zaio Zementoni ere. Añorgako Karmengo jaiak bihar hasiko dituzte, eta hilaren 17ra bitarte luzatuko dira jarduera sorta oparoarekin. Zementonen jaitsiera, berriz, bihar bertan izango da 19:00etan. «Gainerako festen antzera, gogotsu geunden bi urteko geldialdia atzean utzi eta jaiak antolatzeko», dio Izaskun Elizegik, Añorgako jai batzordeko kideak.
Otsaila bukaeran konturatu ziren jaiak normaltasunez aurrera eraman ahal izango zituztela. «Inauterietan, Dibertimendua egin genuenean, giro berezia suspertu zen Añorgan. Oso polita izan zen, eta jende asko elkartu ginen. Horrek bultzatu gintuen festei begira jartzea. Pentsa, martxa bukaeran elkartzen hasi ginen jaiei forma emateko», azaldu du Elizegik.
Jai batzordeak ohiko dinamika berreskuratu du Añorgako Karmengo festak antolatzeko, eta pozik daudela dio Elizegik, aurten jende gehiagok parte hartu duelako egitaraua prestatzerako orduan: «Egia esan, jendea prest agertu da laguntzeko, eta hori oso pozgarria da. Horrek ere argi erakutsi digu jendea gogotsu dagoela festetarako».
Zementon da jaietako ikurra, eta hark iragartzen ditu auzoko jaiak, baina basurde bat ageri da kartelean. Zein lotura du, bada, basurdeak Añorgarekin? Auzoari izena eman zion baserriaren armarrian agertzen da, zuhaitz batekin batera. Egun Rezola fabrika dagoen lekuan zegoen Añorga baserria. Antzinako oinetxea da Añorga, eta XII. mendean San Sebastian Elizaren sortzailea Antigua auzoan. Donostia berreraikitzen parte hartu zuten oinetxetako bat, Añorga lehen eta orain liburuaren arabera. Ikur hau ikus daiteke auzoan elkarlanean egin duten hormairudian, Añorgako historiari hainbat keinu egin dizkiote eta.
Adin guztientzako jaiak
Berritasun gisa, adin tarte guztiengana gerturatu dira euren proposamenak jasotzeko. «Haur, gazte, heldu eta jubilatuekin hitz egin dugu egitaraua aberasteko, eta gustuko duten hori programatzeko. Adibidez, jubilatuek adierazi ziguten bazkaldu ondoren kantaldi bat egin nahi zutela, eta horrela izango da», nabarmendu du Elizegik.
Jubilatuen eguna igandean izango da, hilaren 10ean. Aldiz, Kuadrillen eguna lehenago egingo dute, bihar bertan. Noski, haurrek ere beraien eguna izango dute hilaren 15ean, Sorpresa eguna hilaren 14an izango da, Karmengo eguna hilaren 16an eta Añorgako Kultur eta Kirol Elkartearen eguna hilaren 18an.
Hain zuzen ere, elkartearen mendeurrena ospatzen ari dira urte osoan zehar, eta keinu txiki bat egin nahi izan dio jai batzordeak egitarauan. «Aurten, nahiz eta mendeurrena izan, festetan ez dugu ekitaldi berezirik egingo, urte guztian zehar jarduera desberdinak egiten ari direlako. Abuztua bukaerarako dago aurreikusita festa berezi bat egitea, urteurrenarekin bat eginez. Halere, jaien egitarauan egun bati elkartearen izena jarri diogu».
Zementon ez ezik, Sorpresa eguna ere itzuliko da Añorgara. Jarduera estimatuenetako bat da, zalantzarik gabe. «Aurten, bai, Añorgako hainbat pertsona ezagun elkartu ohi dituen Sorpresa eguna egin ahal izango da. Antzerki baten bidez, Añorgan urtean zehar gertatzen diren pasarteei keinua egiten diete. Beti ere, umore askorekin. Aldiro zerbait desberdina eskaintzen dute, eta horregatik da herritarrentzat ezustekoa. Ez dakigulako zer den plazaratuko dutena», dio Elizegik.
Kontzertuekin bueltaka
Añorgako jai batzordeari kontzertua lotzea da gehien kostatu zaiona. «Auzo eta herri guztietan denak batera hasi gara festak antolatzen, eta ez da batere erraza izan». Dena dela, programa polita osatu dute. Esaterako, hilaren 15ean, John Dealer & The Coconuts, The Clayton eta Azkaiter Pelox gaztetxean ariko dira, eta hilaren 16an, Kilimak eta Zopilotes Txirriaos Añorgako plazan.
Egitarau osoa hemen: Añorgako jaiak 2022