Arteleku plazako lanen erritmoarekin kezkatuta daude bizilagunak

Arteleku Txomiñeneko Arteleku plazaren lanak. (Argazkia: PSE-EE)

Txomiñeneko Arteleku plaza berriaren lanak “erritmo onean” doazela adierazi zuen duela egun batzuk Obra eta Proiektuetako zinegotzi Duñike Agirrezabalagak. Iraila hasierarako lan gehienak bukatuta egongo direla gaineratu zuen. Dena dela, obra bere osotasunean bukatzeko denbora gehiago beharko dutela aitortu zuen. Zehazki, urria bukaeran erabat erabilgarri egongo da.

Lanberri auzo elkartea eta bizilagunak kezkatuta daude, udalak berriz ere luzatu duelako Arteleku plazako lanak bukatzeko epea. Irailean dira auzoko jaiak, eta ez dute argi ikusten ordurako plaza erabili ahal izango duten. Udaleko teknikariekin hitz egin dute informazioa jasotzeko, eta jakinarazi diete festak egiteko espazioa izango dutela plaza berrian. “Dena dela, berriz atzeratuko da obra. Beti dago aitzakia bat; lurra ez dagoela egonkortuta, garraiolarien greba, materialen falta, … Gogora dezagun 2019an esan zutela lanak egingo zituztela. Beraz, ez zaigu iruditzen obra erritmo onean doanik”, nabarmendu du auzo elkarteak.

Plazaren ezaugarriak

Arteleku plazak auzoa eta ibaia lotuko ditu, Ibai parkearen jarraipena bihurtuz. Plazaren eremua, berriz, bi gunetan zatituko da, eta etorkizunean aurreikusita dauden bi eraikinen lursailak aintzat hartuko ditu. Plazaren erdian erabilera anitzeko gune zabala jarriko dute auzoko jarduerak egin ahal izateko. Esaterako, jaiak.

Gune horren inguruan lorategiak egongo dira, eta han, hainbat hiri altzari jarriko dira. Gainera, haurrentzako jolastokia, estalki bat eta adineko pertsonek kirola egiteko gunea eraikiko dituzte. Era berean, ekipamendu eraikinak egingo diren lur sailetan dauden behin-behineko kirol kantxak mantenduko dira.

HITZAkide HITZAkide