Garibai kalea itxiko dute Balentziagari buruzko telesailaren filmatze lanengatik
Hilaren 18tik 21era, Erdialdeko Garibai kalea itxiko dute Cristobal Balentziagari buruzko telesailaren filmatze lanak aurrera eramateko. Kalea ibilgailuentzat erabat itxita egongo da, Askatasunaren hiribidetik Andia kaleraino. Halaber, egun horietan, aldizkako mozketak egingo dira Andia kalean, Hernani eta Garibai artean.
Egoiliarrentzako Aparkaleku Bereizgarria (TAO txartela) duten bertako herritarrek baimena izango dute beraien ibilgailuak hiriko gainerako sektoreetan aparkatzeko TAO Txartela dutenen baldintza berdinetan. Hala ere, egoiliar hauek ezin izango dute beren ibilgailua dohainik aparkatu ordainketa nahitaezkoa den guneetan –15 eremuko guneetan– araututako ordutegiaren barnean.
Ekaina hasieran hasi zituzten filmatze lanak Donostian. Moriarti ekoiztetxeko Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi dira telesailaren zuzendariak. Disney Plus plataformarentzako ekoizpen bat da, eta hurrengo urtean estreinatuko dute.