Kalapie elkartearekin zuen lankidetza etetea erabaki du udal gobernuak

Hemezortzi urteren ondoren, Donostiako Bizikletaren Behatokiaren izena eta egitura aldatzea erabaki du udalak. Mugikortasun Aktiboaren Ikuspegia izango da aurrerantzean, eta funtzio gehiago izango ditu. Egitura berritik kanpo utzi dute Kalapie, arrazoirik eman gabe.

Kontxako_pasealekua Kontxa pasealeku berrituan ibilgailuek, bizikletek, oinezkoek eta garraio publikoak bat egiten dute. (Argazkia: Donostiako Udala)

Harremanak eten dituzte Donostiako Udal Gobernuak eta Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak. Udala izan da pausoa eman duena, Kalapiek ohar baten bidez adierazi duenez: «Aldez aurretik abisatu gabe, udal gobernuak gurekin zuen lankidetza etetea erabaki du. Hemezortzi urtez Bizikletaren Behatokiaren hitzarmena sinatu ondoren [udalaren, Kalapieren eta Cristina Enea Fundazioaren artean], eta arrazoiak argi eta garbi aipatu gabe, idazki baten bidez jakinarazi digute behatoki hori mugikortasun aktiboaren aldeko beste baten barruan sartuko dela, eta arrazoirik gabe, bertan parte hartuko ez dugula».

Kalapieren eta udal gobernuaren arteko lankidetza 2017tik «eskasa» izan dela gaineratu du elkarteak: «Inoiz ez dituzte kontuan hartu gure proposamenak, eta are gehiago, pandemiaren hasieratik, eta hiri eredua aldatzea gehien behar zenean, Kalapiek hainbat aldiz luzatu du eskua, baina udalak gure lankidetza eta ekarpenak baztertu besterik ez ditu egin, eta kasu askotan, hauek entzun ere ez». Datorren Donostia mugikortasun planari dagokionez, Kalapiek adierazi du udala oraindik ez dela elkartu beraiekin, bilera «esplizitu» bat eskatu arren.

«Mugikortasun jasangarria»

Kalapieren oharraren harira, udalak hedabide honi adierazi dio ez dutela Bizikletaren Behatokia desegin, «zabaldu» baizik: «Orain Mugikortasun Aktiboaren Ikuspegia izango da, eta bizikleta kontuez gain, mugikortasun jasangarriarekin zerikusia duten beste hainbat atal aztertu eta landuko ditu; oinezkoak eta mugikortasun jasangarriarekin loturiko beste moduak».

Bizikletaren Behatokia ez bezala, Mugikortasun Aktiboaren Ikuspegia soilik Cristina Enea Fundazioak kudeatuko du. «Hortik kanpo geratu da Kalapie, eta ez zaie gustatu», dio udalak. Kalapie aparte uzteko arrazoien inguruan galdetuta, ondorengoa adierazi dute: «Udalak Cristina Enea Fundazioari eskatu dio lan hori egiteko».

HITZAkide HITZAkide