Kultura antolatzeko eskubidea aldarri
Kultura debekatzeak ez luke ohikoa izan behar. Donostian, ordea, gero eta zailagoa da autogestioan oinarritutako kultur egitarauak aurrera ateratzea. Debekua jasotzen azkena, Antiguako Txantxarreka gaztetxea izan da. Bertako kide Irati Bengoetxea (Antigua, 2001), Asier Gonzalez de San Pedro (Ibaeta, 1998), Julen Larrañaga (Antigua, 2001) eta Asier Uribarrenarekin (Antigua, 2001) elkartu gara egoera hobeto ezagutzeko.
Julen Larrañaga (Antigua, 2001), Irati Bengoetxea (Antigua, 2001), Asier Uribarrena (Antigua, 2001) eta Asier Gonzalez de San Pedro (Ibaeta, 1998). (Argazkia: Xalba Ramirez) Antiguako Txantxarreka gaztetxea maiatzean hasi zen salatzen udala debekuak jartzen ari zela gunearen aurka; zehazki, ekitaldiak antolatzea debekatu ziola salatu zuen gaztetxeak, eta Eneko Goia alkateak adierazi zuen bizilagunen “kexa asko” jaso dituztela bertako kontzertuengatik. Txantxarrekako kideek prentsaurrekoa eskaini zuten joan den astean, bizi duten egoeraren berri emateko, eta udalari exijitzeko “debekuak bertan behera uzteko”.
Horrez gain, udalak “langa bikoitzarekin” jokatzen duela salatu dute, ez dizkietelako oztoporik jartzen auzoan eta gaztetxearen kale berean, Heriz pasealekuan, irekitzen ari diren hotelei, nahiz eta “bizilagunen plataformekin etengabeko arazoak izaten ari diren”. Hain zuzen ere, Koisi ostatua dago Heriz pasealekuan, eta hainbatetan kexatu izan dira inguruko bizilagunak, bertan ostatu hartzen dutenek gauez egiten duten zaratarengatik; azkenekoz, aste gutxi egin zuten salaketa jendaurrean, bideo batekin.
Kasu honetan, gaztetxe ondoan bizi den “bizilagun batek” deitzen omen zuen kontzertuak zeuden aldiro. Eta aldiro agertzen zen udaltzaingoa. “Egia da askotan pasatzen zela dezibelioen muga, baina egiari zor, ordutegien barruan egin izan ditugu beti”, dio Uribarrenak.
Larrañagak zalantzan jartzen du udalak dioena: “Dei asko jasotzeak ez du zertan arrazoi nahikoa izan. Jarduera kulturalak egiterakoan beti dago zarata. Jazzaldiaren edo festibal handien kasuan, beti pasatzen da zarataren muga, eta hori denok onartzen dugu. Uste duguna da, gure kabuz antolatzen ditugunean gauzak, udaletxetik kanpo, arazo gehiago daudela. Jendeak ez duelako kontzientzia hori: gazteok gure kabuz jarduera kulturalak antolatzea eskubidea dela, alegia. Zaurgarritasun egoera batean dagoenez gaztetxea, edozer egin dezaketela pentsatzen dute”.
Lagapen eredua
2013an Donostiako Udalak auzoko hainbat gazterekin batera egindako prozesu baten ondorioz, lagapen eta kogestio eredu bat proposatu zen, Donostiako Emakumeen Etxea edo Gernikako Astra eredu hartuta.
2017an lagapen kontratua berritu behar zela eta, gaztetxeko kideek euren proposamenak egin zizkioten udalari. Adibidez, kontzertu zaratatsuak hilabetean behin egingo zirela proposatzen zuten, eta udalari jakinaraziko zitzaiola. Gonzalezen arabera “gaizki-ulertu” batzuen ondorioz, lagapena ez zen berriro sinatu, eta 2017tik aurrera, egoera alegal batean da gaztetxea. “Edonola ere, guk lagapenean genituen baldintza berberekin jarraitu dugu orain arte: 23:00etan itxi, kontzertu zaratatsuak hilean behin…”.
Gazteria sailarekin harremanetan daude orain, eta lagapena berriro negoziatzeko eta sinatzeko unea iritsi dela uste dute. Udalaren aldetik zein jarrera ikusten duten galdetuta, argi diote: “Oraintxe ez dute borondaterik. Haiek diote lagapenik gabe gaudela, baina aldi berean kultura tasa ordaintzeko eskatzen digute. Kontraesan asko daude”.
“Udalari lagapen bat eskatzen diogu, egoera normalizatu nahi dugulako, eta auzoarentzako eskaintza kultural bat antolatzen jarraitu nahi dugulako”, dio Larrañagak.
Bengoetxeak argi du: “Gaztetxeak auzoari bizitza ematen dio, eta hemen antolatzen dena, antolatzen den modua, ez dago beste inon egiterik. Uste dugu beharrezkoa dela Antiguarentzat eta jarraitu nahi dugu: bai kontzertuak eta baita bestelako jarduerak antolatzen ere”.
Kulturarako eskubidea
Eragile kultural eta politiko ugarik erabiltzen dute espazioa gaur egun, eta gaztetxearen asmoa hori bera dela azaltzen du Uribarrenak: “Edonork erabili ahal izatea gaztetxea, hain zuzen, denok dugun eskubide kultural bat delako. Nik oroitzen dut nola 16-17 urte nituenean, batere dirurik ez izan arren, lagunen kontzertuak antolatu genitzakeen hemen euro bakar bat gabe. Hori gauza ederra da, eta ezin dugu galdu”.
Gatazkari irtenbidea emateko, edozein jarduera kultural antolatzeko askatasuna eskatu diote udalari, eta “adostuak izatea nahi badute, gurekin eseri daitezela”, dio Larrañagak: “Edo askatasuna edo lagapena, ez dago beste biderik”.

Txantxafrika eta Txantxa eskola
Urte hauetan guztietan hamaika izan dira gaztetxean egindako jarduerak: hitzaldi, irrati, tailer, topagune… Baina izan ditu ere, horren ohikoak ez diren jarduerak: 2018an Kamerungo, Ginea Konakriko eta Senegalgo errefuxiatu ugari iritsi ziren Irun eta Donostiara. Zorroagan jendea sartzen ez zela ikusita, kalean geratu ziren horietako asko. “Txantxerreka harrera etxe bezala erabiltzea erabaki genuen orduan”, dio Uribarrenak.
Gonzalezek gogoratu duenez, udala haiekin bildu zen eta, orduan bai, “lagapen espres” bat egitea proposatu zieten: “Sei hilabeteko lagapena zen, baina ez gune kultural moduan: harrera etxe izateko lagapena eskaini ziguten!”.
Gonzalezek argi du, “hau ez zen harrera etxe bat, hauek ez ziren baldintzak jendea bizitzeko. Auzoak, larrialdi egoeran egindako elkartasun keinua izan zen”.
Txantxaeskola ere izan zen beste adibide bat: Jakintza ikastolako lanek sortu zituzten eragozpenak direla eta, aurreikusitakoa baino astebete beranduago hasi zituzten klaseak eskolan. Txantxarreka gaztetxean batu ziren hezitzaile eta boluntarioak hiru egunez, auzoko ehundik gora umeri irtenbideak eskaintzeko.
Eta. hain zuzen ere, hori erakutsi du gaztetxeak bere ia hamar urteetan. Auzoarentzako tresna izan da gehien behar izan den uneetan. Eta argi ikusten dute: “Hau defendatzeko beharra dugu. Ezin digute Txantxarreka kendu”.



