Uda minean
(Argazkia: Joseba Parron) Uda minean ez dago besterik. Ura behar dugu inoiz baino gehiago. Salto egin, igerian ihes egin gabarroira, edo ihes egin irlara. Non dago turista gutxien?
Uda minean erdi ihesean gabiltza eta denok. Nor bere herritik ihes. Gu ere gure herrira ihesi datozenengandik ihesi goaz beste herri batera. Eta haiek ere ihesi egingo dute gure ihesalditik beste hiri edo herri batera.
Uda minean eztabaida hauek piztuko dira, eta baten batek esango du, «Bai, hemen turistak kritikatu eta gero han zoaz zu, ez dakit nora eta ez dakit zertara».
Uda minean ugaritu egiten direlako hitzontziak, zer esango dizuet, ba. Utzidazue frantsesez josita gauden honetan, Frantziako mezu ilustratu eta demokratiko bat gaurkotzen: «Gizakia libre izango da azkeneko espekulatzailearen hesteekin azkeneko turista urkatzen dugunean».
Uda minean gabarroira joaten naiz pixka bat deskonektatzera.

