Hainbat eraso sexista salatu dituzte karmenetan
Larunbat gauean, ordu eta erdiko tartean, Karmengo jaietan bi eraso matxista izan direla salatu du jaietako brigada feministak. Bi gizonak “ukituak egin eta ingurukoak molestatzen” egon ziren eta, horregatik, jaietako brigada feministak kanporatze protokoloa jarri zuten martxan. Adierazi dutenez, bi gizonek erresistentzia egin zuten eta lan “zaila” izan zen.
Sare sozialetan zabaldutako mezuan adierazi dutenez, erasotzailea gunetik kanporatzen ari zirenean Ertzaintza agertu zen: “Azaldu zirenean beraien laguntza ez genuela behar eta guk prestatutako protokoloa praktikan jartzen ari ginela adierazi genienean, Ertzainek bortizki hitz egin ziguten eta horrelakoak esan zizkiguten: Baina zuek zer egingo duzue? Zer zarete poliziak? Mukizuak! Histerikoak!”.
Inongo erasorik onartuko ez dutela gogora arazten bukatu dute mezua. Aurten, lehen urtea izan da jaietan lantalde feminista bat izan dela, eta beraiek arduratu dira protokoloa garatu eta aplikatzeaz.