Aurtengo Jazzaldian gozatzeko moduko zazpi kontzertu

Urtero berdina gertatzen zaizu. Jazzaldia iritsi, eta talde bakar bat ez duzu ezagutzen. Bertan egon den lagun batek ikusitakoa kontatu, eta taldea ezagutzen hasten zara, eta ikusi ez duzulako damutu. Lasai, hemen ekartzen dizkizugu bihartik aurrera ederki gozatuko dituzun hainbat kontzertu, ordainpekoak, zein doakoak. Hori bai, zerrenda honetatik kanpo daudenak, ahal izanez gero saiatu ez galtzen.
Mulatu Astatke-ren Etiopiako jazza da Jazzaldi honetako plater gozoenetako bat. Iaz, konfirmatuta bazegoen ere, COVIDa zela eta ez zela, ezin izan zuen etorri, hegaldi eta bisatuen ondorioz –berdina gertatu zen Arlo Parks kantari zoragarriarekin–. Astatkek bibrafonoa du instrumentu nagusi, eta Afrikako abangoardia ekarriko du Zurriola hondartzara, musikari harriagarriekin: James Arben (saxoa), Byron Wallen (tronpeta), Danny Keane (txeloa), Ben Brown (bateria), John Edwards (kontrabaxua), Richard Olatunde Baker (perkusioa).
Mulatu Astatke: 2022/07/21. Agertokia: KELER GUNEA. Ordua: 20:45. Prezioa: SARRERA DOAN
Ez da urrutitik etorri behar Jazzaldian garrantzia izateko. Iruñetik, eta Nafar hegoaldetik dator jada Jazzaldiko kaleak astintzen abilak diren Broken Brother Brass Band. Azken urteetan sona handiagoa hartzen ari den taldea Garberan arituko da. Hain zuzen Garberan kontzertuak egitea izango da aurtengo berrikuntzetako bat. Horra goraino igotzeak nagia ematen badizu, lasai hartu: Donostiako Piraten Aste Nagusian joko baitu brass bandak.
Broken Brothers Brass Band: 2022/07/21. Agertokia: GARBERA. Ordua: 20:00. Prezioa: SARRERA DOAN
Aurtengo jazzaldian Japoniako jazzari omenaldia egingo zaio, eta hor sartzen da Miho Hazama konpositore bikaina. Kontzertua are bereziagoa egiteko, Hazamak Musikene Big Banda zuzenduko du, eta konposizio eta moldaketa originalen lan aukeratu batzuk eskainiko ditu Trinitate plazan.
MIHO HAZAMA & MUSIKENE SUMMER BIG BAND. 2022/07/22 Agertokia: TRINITATE PLAZA. Ordua: 21:00. Prezioa: 35 €
Yann Tiersen denok ezagutzen dugu Amélie Poulain-en istorioa kontatzen duen musika idatzi zuelako. Pelikularen ehuneko handi bat delako soinu banda eder hura. Bada, soinu banda maite baduzu, eta zuzenean entzun nahi baduzu, hau ez da zure kontzertua. Tiersen ez dabilelako arrakasta merkearen bila, behin eta berriro gauza bera errepikatzen. Elektronikaren munduan sartuta, ildo honetatik doa bere proposamen berria. Eta honek ere ez zaitu hotz-bero utziko.
Yann Tierssen: 2022/07/24 ; Agertokia: KURSAAL AUDITORIOA. Ordua: 18:30. Prezioa: 35 €
Doako beste kontzertu eder bat izango da This is the kit. Jazzaldian bat ere ohikoa ez dena, bidenabar. Kate Stables da proiektuarn burua. Parisen bizi den britainiar honek, kolaboratzaile talde finaz inguratuta, indie-folk estilo pertsonal bat lantzen jardun du, izaera erritmiko eta literario sotilekoa, batetik bestera mugiarazteko gai dena, sentiberatasuna muinean.
This is the kit: 2022/07/23. Agertokia: KELER GUNEA. Ordua: 21:00. Prezioa: SARRERA DOAN
Lakecia Benjamin saxofoi jotzaileak kontzertu berezia emango du Trinitate enparantzan, hiru musikari handirekin: Victor Gould (pianoa), Ivan Taylor (baxua), EJ Strickland (bateria). Hiru disko argitaratu ditu lider gisa; lehenengo bietan —Retox (2012), Rise Up (2018)— ia abesti guztiak berak konposatuak dira. Hirugarrenean, Pursuance: The Coltranes (2020), Alice eta John Coltranerenak dira konposizioak. Hala, Coltranetarren konposizio batzuk berrinterpretatzen ditu saxofonista newyorktarrak, eta, horrela, Jazzaren historian hain eragin handia izan duen bikotea bat omentzen du. Lakeciak bere egiten ditu Coltranetarren konposizioak, eta, izan ere, berriak dirudite.
Lakecia Benjamin: 2022/07/25. Agertokia: TRINITATE PLAZA. Ordua: 21:00. Prezioa: 55 €
Eta, tira, azken egunean izango da aspaldiko partez hirian, munduan den jazz izar handienetako bat: Herbie Hancock bera. Zer esan, beteranoa izan arren forma ederrean den musikari honen inguruan? Miles Davis berarekin jazz fusioaren sortzaileetako bat dugu Hancock, eta 50 urte baino gehiago darama kontzertuak eman eta diskoak kaleratzen. Ez dagoela bere onenean? Hona hemen duela aste gutxi eman zuen kontzertuko bideo bat:
Herbie Hancock: 2022/07/25. Agertokia: KURSAAL AUDITORIOA. Ordua: 18:30. Prezioa: 55 €