Realaren historiako lehen jokalari japoniarra
Miramar jauregian aurkeztu dute Take Kubo gaztea, eta "klub egokienean" dagoela adierazi du. Txuri-urdinen hirugarren fitxaketa da.

Atzo iritsi zen Donostiara, eta gaur aurkeztu dute hedabide askoren aurrean. Takefusa Kubo 21 urteko jokalaria da Realaren historiako lehen japoniarra, eta datorren denboraldiari begira txuri-urdinek egin duten hirugarren fitxaketa. Real Madrili 6 milioi euro inguru ordaindu dizkio talde donostiarrak, eta 2027. urtera bitarte lotu du.
Lehen japoniarra izan arren, Asiako bigarren jokalaria da Realaren kamiseta janzten. Lee Chun Soo korearra izan zen aurrenekoa 2003-2004 denboraldian. Askok gogoan izango dute, fitxaketa esanguratsua izan zelako. Era berean, korearraren errendimendua Donostian oso eskasa izan zen. Beraz, Kuborekin lehen esperientzia hura ahazten ahaleginduko da Reala.
Aspaldiko apeta
Roberto Olabe kirol zuzendariak eta Jokin Aperribai presidenteak aurkeztu dute Kubo Miramar jauregian. Hain zuzen ere, Olaberen aspaldiko apeta da hegaleko jokalari japoniarra. Duela hiru urte saiatu ziren Donostiara ekartzen, baina Real Madrilek beste klub batzuen esku utzi zuen hazten jarraitzeko. Horrela, Mallorcan, Vila-realen eta Getafen aritu da utzita. Emandako errendimendua ez da gazteak proiektatzen duenaren parekoa. Ikusteko dago Realean, fitxatuta eta ez utzita, zer nolako maila ematen duen.
Miramarretik Anoeta estadiora joan dira protagonistak, eta han egin ditu adierazpenak Kubok: “Futbolari gisa dudan estiloari ondoen egokitzen zaion kluba da, anbizioa eta gogoa dituen talde gaztea. Oso pozik nago taldearen parte izateagatik”. Datorren sasoian bere “bertsiorik onena” ematen saiatuko dela gaineratu du. Bihar bertan hasiko da gainerako taldekideekin entrenatzen.