Mulatu Astatke etiopiarra, Donostia Jazzaldia saria eskuratu duen lehenengo afrikarra
Mulatu Astatke etiopiarra Donostiako Jazzaldia saria jasotzen duen lehenengo musikari afrikarra bilakatu da gaur. “Afrika osoari” emandako sari gisa jaso du, kontinente horretako kulturak munduko gainerako herrialdeetakoari egindako ekarpena eskertzeko.
Astatkek Jazzaldiko zuzendari Miguel Martinen eskutik jaso du saria Donostian, bere birarekin jarraitzeko hegazkina hartu baino lehen. Atzo geldialdi bat egin zuen Donostian, Zurriola hondartzako agertokian kontzertu bat emateko, eta “zoragarria” izan zela nabarmendu du etiopiarrak.
Atzokoa izan zen 1943an Etiopiako ekialdean jaiotako konpositore, bibrafonista eta perkusionista honen Jazzaldiko lehenengo emanaldia. Bostongo (AEB) Berklee musika eskola ospetsuko lehen ikasle afrikarra ere izan zen, Londresko Trinity College of Music-etik igaro ondoren.