Txiki izatetik jaialdi ospetsu bihurtzera
Jazzaldiak 57 urte bete ditu aurten, eta estatu mailako jazz jaialdirik zaharrena da, baita Europako zaharrenetarikoa ere. Zailtasunak zailtasun, 1966ko irailean jaio zen, bi eguneko iraupena izan zuen, eta «apala» izan zen. Hala ere, aurrera egitea lortu zuen, eta erreferentea bilakatu da.

Jazzaldi bete-betean gaude egun hauetan zehar, uztailaren 25era arte askotariko kontzertuak entzuteko aukera baitaukagu Donostiako hainbat agertokitan. 57. Jazzaldia da aurtengoa, baina gogoratu dezagun nolakoa izan zen 1966an egin zen lehenengo edizio hura.
Gaur egun uztailean antolatzen bada ere, irailean jaio zen jaialdia. Estatu mailako jazz jaialdirik zaharrena da, eta Europa osoko antzinakoenen artean dago.
Jaialdia egiteko lehenengo ideia orduan Donostiako Erakarpen eta Turismo Zentroko Musika Batzordeko arduraduna zen Imanol Olaizolak izan zuen. 1964ko maiatzean, Count Basiek eta bere Big Bandak Parisko Salle Pleyel-en eman zuten kontzertua ikustera joan zen Olaizola, eta ikus-entzuleen egin zioten harrera ikusirik, pentsatu zuen musika hura Donostiara ekarri behar zuela. Ramon Peironcely Zentroko Batzorde Iraunkorreko lehendakariari aipatu zion, eta hark jazz jaialdi baten proiektu bat sartzea erabaki zuen 1965erako proposatu ziren jardueren artean.
Hainbat arazo medio, Jazzaldiaren proiektua ezin izan zen zehaztu 1965ean. 1966an, ordea, baldintzak pixka bat aldekoagoak ziren, eta data eta toki egokien bila hasi ziren. Lehenengo asmoa abuztuan egitea zen, baina jarduera egutegia oso betea zegoenez, Kontxako estropadetako bigarren jardunaldiari zegokion asteburua aukeratu zuten. Hori izan zen Jazzaldia irailean ospatu zen aldi bakarra.
1966ko irailaren 10etik 11era egin zen, eta Jazzaldiaren webgunean adierazten denez, hasiera “apala” izan zen, talde amateurren lehiaketarekin emanaldi bat, eta profesionalekin beste bat egin zituztelako. Mickey Baker estatubatuarra izan zen lehenengo Jazzaldi hartako profesional ospetsua. Dany Doritz, Charles Roy eta Jean Muset musikariak izan zituen laguntzaile.