Hondarribiak aurrea hartu dio Donostiarrari
Bizkaiko uretan galdu du lidergoa 'Torrekua'-k. Sestaon eta Santurtzin onenekin aritu arren, ezin izan dute banderarik astindu.
(Argazkia: Irekia) Euskolabel ligak ez du atsedenik izan asteburuan, eta gizonezkoen traineruek zazpigarren eta zortzigarren jardunaldiei aurre egin zieten atzo eta herenegun. Bietan Hondarribia izan zen jaun eta jabe, eta Donostiarra hirugarren sailkatu zen bi estropadetan. Ondorioz, sailkapeneko lehen postua galdu zuten, ‘Ama Guadalupekoa’-aren mesedetan. Une honetan, 88 puntu dituzte, eta Donostiarrak bi gutxiago; 86.
Sestaoko estropadan, Hondarribia eta Urdaibai nor baino nor aritu ziren, baina azken unean gipuzkoarrek lortu zuten denbora hobea. Bi traineruen indar erakustaldiaren atzetik geratu ziren gainerakoak. Donostiarrak irabazleak baino 17 segundo gehiago behar izan zituen distantzia bera egiteko. Orio sailkatu zen laugarren. Santurtzin, berriz, aldeak txikiagoak izan ziren, baina Hondarribiak bere asteburu partikularra borobildu zuten. Urdaibai izan zen bigarren, Donostiarra hirugarren eta Orio laugarren.
Bizkaiko uretan jokatu den asteburua ez da onena izan Donostiarrarentzat. Lidergoa galdu dute, bi estropadetan lau onenekin buruz buru aritu ondoren. Hondarribia izan da unea aprobetxatu duena, Sestaoko eta Santurtziko estropadak irabazita sailkapeneko lehen postua bereganatzeko.
KAE 2 ligan, Donostiarraren bigarren taldeak eskura izan zuen Pasaiako bandera, baina segundo bakarrarengatik bigarren postuan geratu ziren. Lapurdik, ligako liderrak, beste bandera bat astindu zuen, lidergoa are gehiago sendotuz. 54 puntu dituzte lapurtarrek eta 42 donostiarrek.
Euskadiko txapelketak
Euskotren ligan jardunaldirik ez da izan asteburuan, baina gaur Lekeitioko Euskadiko Traineru Txapelketan ariko dira Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarra. 12:00etan hasiko da emakumezkoen lehia. Ondoren arituko dira gizonezkoak, eta Donostiarra ligako maila ona berresten saiatuko da.

