Arkaitzerrekako isurketa toxikoak erraustegiak eragindakoa direla dio Usurbilgo Udalak
Hilaren 13an eta hurrengo egunetan Zubietako Arkaitzerreka kutsatu zuten hainbat isurketek. Usurbilgo Udalak errekako laginak hartu zituen, eta horiek aztertu ostean, behin-behineko emaitzak plazaratu ditu. Argiak eman du horien berri, eta emaitzen arabera, ezohiko maila oso altuak jaso dituzte kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa).
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak adierazi duenez, udalaren hipotesi nagusia da isurketa erraustegiak eragin izana: “Hipotesi hau hala den edo ez baieztatu edo gezurtatzea beste batzuei dagokie; GHK-k eta diputazioak azalpenak eman behar dituzte. Izan ere, inguruan ez dago beste jarduera industrialik halako kutsatzaile maila eragin dezakeenik. Datuak oso kezkagarriak dira; 2020ko maiatzeko isurketak ehunka arrain hil zituen, eta ordukoekin alderatuz, oraingo datuak handiagoak dira”.
Gardentasun eta kontrol mekanismoak eskatu ditu alkateak: “Azalpenak nahi ditugu: isurketa zerk eragin duen jakin nahi dugu. Zer gertatu den jakin behar dugu konponbideak bilatu ahal izateko. Zein ondorio izan ditzakete halako isurketek gure osasunean eta ingurumenean? Zein neurri hartuko dituzte arduradunek berriro halakorik ez gertatzeko? Herritarron informatuta egoteko eskubidea aldarrikatzen dugu”.