San Rokeko eskailera mekanikoak konpondu arte elkarretaratzeak egiten jarraituko dute auzotarrek
Amara Bai auzo elkarteak Mariaje Idoeta Auzoetako zinegotziarekin bilduko da bihar udaletxean.
Asteazkenero, Amarako bizilagunak elkarretaratzeak egiten ari dira San Rokeko eskaileren arazoa konpondu dezaten eskatzeko. Eskaileren aurrean elkartzen dira, 18:30ean, Aski da! Konpondu San Rokeko eskaileren arazoa! lelopean protesta egiteko. Gaur arratsaldean ere horrela egin dute. Bihar, berriz, Amara Bai auzo elkarteak bilera egingo du Mariaje Idoeta Auzoetako zinegotziarekin udaletxean, 12:00etan.
Donostiako Udala eskailera mekanikoetan konponketa lanak egiten ari da, eta, horregatik, denbora asko daramate geldirik. Gainera, ekaina bukaeran jakinarazi zuten ia hiru hilabetez egongo direla zerbitzurik eman gabe, lanetan arazoak sortu direlako.
Eskailera mekanikoen azken bi zatiak geldirik jarraitzen dute, eta, ondorioz, San Roke kaleko hainbat bizilagunek irisgarritasun arazoak dituzte. Eskailerak berriz ere martxan jarri arte, auzotarrek elkarretaratzeak egiten jarraituko dutela dio Amara Bai auzo elkarteak.