Arriola sailburuak dio metroaren lanek ez dutela dezibelio muga pasa

“Ez da isunik jarri zaratengatik, ez baita inoiz gainditu interes orokorreko obrarako ezarritako legezko muga: 65 (+3) dezibelio eguneko ordutegian eta 55 (+3) dezibelio gaueko ordutegian”. Horrela erantzun zion idatziz Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak egindako galderari, Donostian topoaren lanek eragindako zarataren inguruan.
Arriolak azaldu zuen Donostiako Udaltzaingoak, jasotako erreklamazio baten aurrean, zarata neurtu zuela iazko azaroaren 4an Morlanseko obretarako sarbidean. Egindako irakurketaren emaitzak ez zituen gainditu interes orokorreko lanetarako ezarritako legezko mugak.
Arriolak, zaratarekin lotuta jasotako kexen zerrenda aurkeztu zuen. Horietako bat Amarako gaineko bizilagun batek egindako kexa ugarien ondorio da, sarbideetatik oso urrun dagoen leku batetik.
Kasu horretan, neurketa espezifikoak egin ziren jasotako kexei erantzuteko, eta emaitza, kasu guztietan, baimendutako mailen barruan eman zela esan zuen Arriolak, Noticias de Gipuzkoas-ek jasotzen duen moduan.
Arriolak azaldu zuenez, prebentzio neurri batzuk hartzea erabaki zen. Tuneletik kanpo makinarik ez erabiltzea eta haizagailua 22:00etatik aurrera gutxieneko posizioan jartzea erabaki zen, barruan lan egiten duten langileentzat behar besteko aireztapena bermatuz une oro. Gainera, azterketa egin ondoren, panel fonoxurgatzaileak jartzea erabaki zen, haizagailuaren motorra inguratuz.