Gaztelania hutsean jarri dituzte Iztueta kaleko motoen eta bizikleten aparkalekuetako seinaleak
Iztuetako zubibide zaharra bota ostean, eremu hori guztia eraberritu dute, eta, besteak beste, Iztueta kalean motoentzako eta bizikletentzako aparkaleku berriak jarri dituzte. Ordea, aparkaleku horietan lurrean margotu dituzten seinaleak gaztelania hutsean daude: Bicis eta Motos jartzen du. Euskarak Batzen Donostiako euskararen aldeko gizarte mugimenduak egoera salatu du sare sozialetan: “Iztueta kalean lanak bukatzen ari dira: motoak zein bizikletak uzteko lurrean margotutako seinaleak gaztelaniaz idatzi dituzte. Noiz arte?”.
Donostiako hizkuntza paisaiaren beste gabezia batzuk ere salatu ditu azken hilabetean Bagera Euskaltzaleen Elkarteak: San Martinerako eta Artzain Onerako bidea erakusten duten seinaleena eta Martutene Kirol Elkartearen denboraldi amaierako festaren kartelena, hain zuzen ere.