'Artillero' euritsu bati tonua eman dio Union Artesanak
Aste Nagusiari harrera eman dio Union Artesanak Donostiako Udaletxean. Milaka pertsona bildu dira Alderdi Ederreko inguruetan bi urte beranduago Aste Nagusiari hasiera emateko, protagonismoa hartu nahi izan duen euri zaparrada batek jendea bustitzen ari zuen bitartean. Union Artesanako kideak ilusio handiz iritsi dira udalak ipini duen oholtzara eta musika hasi denean, Artillero kanta abestu eta dantzatu dute, Eneko Goia alkatea eta gainontzeko udal taldeetako zinegotziekin batera, Alderdi Eder plazan bildu diren pertsonen begiradarekin. Abestia amaitu ostean, Elias Arruabarrenak eta Onintza Mokoroak kanoikada bota dute eta lehen eztanda entzunda jendearen oihuek plaza osoa konkistatu dute Aste Nagusiari hasiera emanez. Ekitaldia amaitu ostean Alderdi Eder plazak eta Bulebarrak jendez gainezka jarraitu dute, giroa animatzeko dj bat baitzegoen Udaletxe ondoan eta ingurutik txaranga batzuk ere ikusi dira, jendearen erritmoa gidatuz.