"Bestelako Donostia bat" aldarrikatu dute
Aste Nagusiaren atarian, Donostiako Piraten txupinazorako eta Alderdi Ederreko kanoikadarako ordu gutxi batzuk falta zirenean, Bildu eta Mugi Eguna egin dute Okendo plazan, Donostiako EH Bilduk antolatuta. Luntx batekin eta han jarri duten erakusketaren irekierarekin abiatu dute egitasmoa, eta bazkaria eta herri kantaldia egin dituzte jarraian. Ondoren, 17:00ak aldera, ekitaldi politikoa egin dute, Amets guztiak, borroka guztiak, batera! lelopean.
Bildu eta Mugi Eguna “bestelako Donostia bat, bestelako Euskal Herria bat, bestelako mundua eraiki nahi dutenentzako bilgune” gisa antolatu dutela azaldu dute: “Justuagoa, askeagoa, feministagoa eta ekologistagoa”. Nabarmendu dutenez, Donostiako “neurrigabeko turistifikazioa salatzeko, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko, zerbitzu publikoak defendatzeko, hiri orekatu, iraunkor eta euskaldun bat eraikitzeko, metroaren igarobidea eta antzeko zentzugabekeriei aurre egiteko, inor bazterrean ez uzteko eta beste hiri eredu bat sustatzeko” egin dute Bildu eta Mugi Eguna. Era berean, azaldu dute “irribarre batez hobeto borrokatzen” delako antolatu dutela egitasmoa Aste Nagusiaren atarian.