Lan baldintza hobeen alde mobilizatu dira Parte Zaharreko kasinoko langileak
Parte Zaharreko Kursaal kasinoko langileak euren lan baldintzen alde mobilizatu dira Donostiako Aste Nagusiko lehenengo egunean, hilaren 13an. Besteak beste, soldatak KPI-aren arabera igotzeko eskatu dute, baita hitzarmena aldarrikatu ere. Donostiako Piraten txupinazoaren eta Alderdi Ederreko kanoikadaren aurretik egin dute elkarretaratzea, kasinoaren aurrean, KPI bermatu, lan baldintzak hobetu lelopean.
Beste bi elkarretaratze egingo dituzte: igandean eta astelehenean, 17:00etan, kasinoaren aurrean. Kasinoak 66 langile ditu, eta langile batzordea bostek osatzen dute: ELA sindikatuko lauk eta LABeko batek.