Lehertu da Aste Nagusi Pirata!
Bi urtez Aste Nagusi Pirata bere horretan ospatu ezinik egon ostean eta hiru urte pasatu direnean Ezkilak eta Mattik azkenekoz txupinazoa bota eta Flamenkatik Donostia jai giroan murgildu zutenetik, iritsi da berriz, iritsi da Donostiako Aste Nagusi Pirata.
Kalejirarekin abiatu dute arratsaldea, jai giroa hiriko hainbat auzotatik eramanez, kofradien eskutik: Intxaurrondotik, Grosetik eta Parte Zaharretik. Azkenean, hamarnaka pirata kaira iritsi dira, Donostian udan bota ohi dituen euri zaparrada horietako bati aurre eginez, Piraten 20. urteurreneko abestiak dioen moduan, “aurtzaka”. Azken hilabetean egin ez duen euria egin du une horretan, baina atertu egin du Ezkila kaira iritsi denerako.
Han zuen zain Matti, aurten, Donostiako Piraten moduan, hogei urte betetzen dituen Bilgune Feministak gorpuztuta. Irrintzi eta txaranga doinu artean egin diete ongietorria kaian bildutako piratek, eta kalejiran eta dantzan abiatu dira Flamenka gunerantz, han beste hamarnaka pirata baitzituzten zain. Agertokira igo dira Ezkila, Matti eta hainbat pirata, eta Bilgune Feministako hainbat kidek euren irakurketa egin dute. “Oso pozik” agertu dira aurten Matti izatearekin, eta “Bilgune Feministako Donostiako kideak beti izan gara pirata”, nabarmendu dute. Era berean, gogorarazi dute Aste Nagusi Piratan ere ez dutela “inolako erasorik onartuko”, eta gizonak ere “ardurak hartzera” deitu dituzte. Bestalde, “gozamena” erdigunean jartzera ere deitu dute, Aste Nagusi Pirataz gozatzeko.
Jarraian, txupinazoa bota dute Ezkilak eta Mattik, eta festa lehertu da Flamenkan. Hurrengo igandera arte, askotariko jardueraz beteriko egitarau zabala dute aurretik. Behean, kalejiraren, Ezkilaren eta Mattiren ongietorriaren eta txupinazoaren irudi bilduma ikus dezakezue, arratsaldeko irudiekin eta Bilgune Feministaren irakurketa osoarekin osatutako bideoarekin batera: