Plataforma Antitaurinoa kaleetara atera da zezenketen amaiera eskatzeko
Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak urteroko manifestazioa antolatu du kanoikada baino ordu bete lehenago. Manifestazioa Bulebarrean hasi da eta ehunaka pertsonek hartu dute parte. Bulebarretik Erdialdera abiatu dira eta gero berriro ere Donostiako Parte Zaharrera joan dira, ekitaldia amaitzeko eta hitzaldia emateko. Kaleetan zehar, “Goia entzun Donostia antitaurina”, “Tauromaquia abolición”, “La tortura no es cultura”, “Animalien askapena” edo “Ayuntamiento complice” bezalako esaldiak entzun dira, eta euriak ezin izan ditu antitaurinoen aldarrikapenak isilduarazi.
Plataforma Antitaurinoak bere hitzaldian gogora ekarri du haiena “animalien eskubideak bermatzeko” borroka bat dela eta “borroka horren emaitza, batez ere, gizarte kontzientzia areagotzea” dela. Plataformak adierazi duenez, “gero eta lotsagarriagoa da animaliei tratu ankerra ematea, horregatik zezenketen karteletan ez da, lehen bezela, odolik azaltzen”. Aurtengo kartelean toreatzaile bat agertzen da surf taula batekin eta antitaurinoen ustetan irudi “moderno eta xalo” honekin “alperrik dabiltza”, zezenketak “tortura direlako eta animalien sufrikarioaren kontura gozamena hartzea delako”. Ondoren, udalari mezu bat bidali diote esanez, ez dutela “zezenketak debekatu arte amore emango” eta nabarmendu dute “udalak nahi izanez gero ez litzatekeela zezen torturarik izango”. Azkenik, argi eduki dute “borroka berandu baino lehen” irabazi egingo dutela.