Ziztaden aurka mobilizatu dira Donostian
Hamarnaka lagun mobilizatu dira larunbat eguerdian Donostian, ziztada bidezko eraso matxistak salatzeko eta eraso horien aurkako “neurri eraginkorrak” eskatzeko. Donostiako Itaia antolakundeak deituta egin dute manifestazioa, Ziztadarik ez! Erasoen aurrean babesa antolatu lelopean. Bulebarretik abiatu dira 12:30ean, eta han bertan egin dute amaierako irakurketa.
Itaiakoek salatu dutenez, “ziztadek, eta horrek sortutako beldurrak, sozializatzeko espazioetan emakumea uneoro babesgabe sentitzera edo zuzenean bertan ez egotera bultzatzen du”, eta gaineratu dute ” jai giroa emakumeen aurkako erasoak areagotu eta normalizatzeko” testuinguru egokia dela. Era berean, gogorarazi dute Euskal Herrian ziztada bidezko 100 erasotik gora salatu dituztela dagoeneko.
Bestalde, salatu dute erakundeek ziztadekin amaitzeko borondate falta handia dutela: “Egiten duten bakarra jaietan polizia gehiago jartzea eta hori normalizatzea da”. Horrez gain, “indarkeria matxistaren aurpegi guztiei” aurre egin behar zaiela aldarrikatu dute.