Hirian gertatutako azken eraso matxistak gaitzetsi ditu udalak
Aste Nagusiko lehenengo egunean gertatutako eraso matxistak gaitzesteko elkarretaratzea egin du Donostiako Udalak Alderdi Ederren, igande arratsaldean. Izan ere, Ertzaintza eta Udaltzaingoa bart gauean izandako lau ziztada kasu ikertzen ari dira, gizon bat atxilotu zuten emakume bati ukituak egiteagatik eta beste bat bere bikotekidea arma zuri batekin erasotzeagatik.
Udal talde guztiek hartu dute parte mobilizazioan, eta gertatutakoa “irmotasunez gaitzetsi” dute, baita biktimei eta haien gertukoei “babesa” helarazi ere. Era berean, indarkeria matxistarekin amaitzeko lanean jarraitu behar dela nabarmendu dute. Jarraian, udal talde guztietako bozeramaileek adostutako adierazpena, osorik:
Azken orduetan Donostian izan diren sexu erasoen aurrean, udalak honako hau adierazten du:
1.- Udalak erabateko irmotasunez gaitzesten du emakume donostiar baten bizitzaren eta askatasunaren aurkako eraso matxista. Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera bat izan da.
2.- Babesa eta elkartasuna adierazi nahi dio eraso tamalgarri honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere. Udalak indarkeria egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten emakume guztiei jakinarazten die laguntza behar eta nahi izanez gero udalak dituen zerbitzu eta baliabideetara jo dezaketela.
3.- Gaitzespena eta kezka bart gauean gertatutako ziztadengatik. Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta udalak guztiak gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizarte, mugimendu feminista eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Eta sexuen hezkuntza lantzea, horiek kudeatzeko trebetasunak eta baliabideak emateko. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela.
4.- Udalak hiritarrei dei egiten die gaur, hilak 14, 18:00etan, Alderdi Ederreko lorategian egingo den gaitzespen bilkuran parte hartzera.
5- Udalak gaitzespena adierazteko hirian egiten diren deialdiekin bat egiten du.