Donostia abordatzeko prest daude
Arratsalderako antolatuta dagoen abordatzerako baltsen muntaketa aurrera doa Donostiako kaian. Ehunaka lagun bildu dira goizeko lehen txandan baltsak muntatzera kaiko arrapalan eta Aquarium museoaren dendaren gainean. Goiz eguzkitsua izan da eta Donostiako Piratek musika jarri dute giroa alaitzeko, parte hartzaileek materiala lantzen ari ziren bitartean. Ekitaldia arintzeko bi aurkezle egon dira, mikrofonoekin, parte hartzaileak elkarrizketatzen eta muntaketa deskribatzen. Txisteak kontatzeko momentua ere eduki dute. Adin guztietako parte hartzaileak ikusi dira eta nabari da, bi urteren ostean, Donostia abordatzeko gogoa dagoela, horregatik, 186 baltsa egongo direla dago iragarrita. Kontuan izan behar da 2003an izan zela Donostiako lehen abordatzea eta aurten 19 urte pasa direla egun horretatik.
Lehenengo txanda 9:30etatik 11:00etara izan da, bigarrena 11:00etatik 12:30etara eta azkenekoa 12:30etatik 14:00etara. Talde bakoitzak ordu bete eta erdi izan du baltsak muntatzeko, eta era askotariko materiala ikusi da, flotagailuak edo egurrezko eta plastikozko taulak, esate baterako. Baltsak prest zeudenean, arrapalatik jaitsi eta antolatzaileen artean neoprenoarekin zeuden neska eta mutil batzuek uretara sartu dituzte eta kaiko izkina batean aparkatu dituzte arratsaldean dena prest egoteko. Eguerdian abordatzeko bazkaria egin dute Donostiako Piratek 14.30etatik aurrera Flamenka gunean. Ehunaka pertsonek izena eman dute bazkarian parte hartzeko eta 14:15etan ilara izugarria ikusi da Donostiako kaian, antolatzaileek ateak irekitzeko itxoiten. Bazkaltzeko paella bat egin dute eta aukera beganoa ere bazegoen, haragia jaten ez dutenentzat. Sagardo botila ugari ikusi dira Flamenka gunean eta jendeak festarako gogoa duela erakutsi du, urez betetako pistolak hartuta, ondoko mahietakoei bustitzen egon direlako eta txaloak ere entzun dira bazkarian zehar, giro paregabea erakutsiz.