Donostia abordatu dute Piratek!
Azken bi urteotan, 2020an eta 2021ean, modu sinbolikoan egin behar izan dute, baina aurten bai, azken abordatzetik (2019an izan zen) hiru urte pasatu direnean, Donostiako Piratek Donostia abordatu dute berriz ere. Ehunka piratak Kontxako badia hartu dute, kolore, forma eta bandera askotarikodun 200 bat baltsatan kaitik Kontxako hondartzarainoko ibilbidea giro ederrean eginez.
Goizean goizetik hasi da abordatze giroa kaian, piratak euren baltsak muntatzen aritu baitira goiz osoan, taldeka eta txandaka. Ondoren, herri bazkari oso jendetsua egin dute Flamenkan, musikak eta urezko pistolek girotuta. 16:30erako, pirata ugari kaiko arrapalan zeuden dagoeneko, txupinazoa entzuteko zain, Nerea Arriola esatariak gunea girotzen zuen bitartean. Pixkanaka, arrapala piratez betetzen joan da, eta 17:000ak gertuago zeuden heinean, jai giroa areagotzen joan da kaian, baita hiria abordatzeko piraten gogoa ere. Ezkilak eta Mattik, aurten Bilgune Feministak gorpuzten duenak, hartu dute hitza 17:00ak jotzear zirenean, eta Bilgune Feministako kideek txupinazoa bota dute segidan, abordatzeari hasiera emateko. Arrapalako pankarta altxa dute, eta piratak uretan murgildu dira, euren baltsen bila.
Berriz ere Donostia abordatu dugu! 🖤🏴☠️ pic.twitter.com/DLBoFYLpob
— Donostiako Piratak (@izanpirata) August 15, 2022
Pixkanaka, Kontxara iristen joan dira, kaitik zein hondartzatik abordatzea ikusten ari ziren donostiarren zein turisten begiradapean. Denetarik zegoen, harridura aurpegiak, irribarreak, eta abar. Hondartzara iristerakoan, betiko legez, baltsa guztiak txukun-txukun jaso dituzte, eta Reimy DJ-ak girotutako kalejiran Flamenka gunerantz abiatu dira, oraindik egitarau zabala baitute aurretik.
Hogei urte bete dituzte aurten Piratek eta Bilgune Feministak, eta hemeretzi urte pasatu dira lehenengo aldiz Donostia abordatu zutenetik. Oso bestelakoa izan zen orduan: hogei bat baltsa baino ez ziren atera, eta Kontxara iritsi zirenean udaltzainek identifikatu nahi izan zituzten. Horren aurka protesta egiteko, baltsak txukun-txukun jaso zituzten orduan ere, baina udaletxearen aurrean botatzeko.
Hemen duzue abordatze eguneko irudi bilduma, goizeko baltsen muntaketako, herri bazkariko eta abordatzeko argazkiekin, uretatik zein lehorretik egindakoak: