Mojitoak eguraldi txarrari aurre egiteko
Donostiako Piratek beti egoten diote aurre enbatari, baina asteazken arratsaldetik modu literalean ari dira enbatari aurre egiten: eguraldia dela eta, hainbat jarduera bertan behera utzi edo egokitu egin behar izan dituzte, baina Jaraneroek euren egitarauarekin aurrera jarraitu dute, eta Mojitero Jaialdia egin dute Flamenkan.
17:00ak aldera, Karibeko ekaitz horietako bat botatzen ari zela zirudienean, kaiko jai guneko bozgorailuetatik doinu karibetarrak ateratzen hasi dira, eta Mojito lehiaketako parte hartzaileak euren mojitoen errezetak gauzatzen hasi dira, esatariak txosnaren goiko aldetik prestaketaren narrazioa egiten zuen eta parte hartzaileei adarra jotzen zien bitartean. Denetarik zegoen han: ron asko zuten mojitoak, benetan asko zutenak, menta han eta hemen, eta baten batek fruitu gorriak ere eraman ditu.
Aurkezpena ere garrantzitsua da gastronomia (edo mozkorkeria) lehiaketetan, eta hain zuzen ere, eta batzuek inolako garrantzirik eman ez badiote ere (a zer itxura zuten batzuek…), beste batzuek serio hartu dute: bikote batek, esaterako, lastozko kapela baten barruan aurkeztu ditu bere mojitoak, loreekin apainduta; hori bai dela detaileak zaintzea!
Amaieran, epaileek dastaketa egin dute, eta batzuk edangarriak zirela zirudien arren, beste batzuekin jarri dituzten aurpegiak poema bat izan dira. Azkenean, hiru sari banatu dituzte: hirugarren saria, titarekada bat eta lorezko pare bat koilare, mojitorik txarrenak jaso du, Jaraneroetako bikote batek egindakoak; ez zeukan itxura onik horrek, ez. Bigarren saria, pote bana, mojitorik originalenak jaso du, eta, hain zuzen ere, kapela baten barruan aurkeztu dutenek jaso dute, Jaraneroak horiek ere. Azkenik, lehenengo saria, katxi bete edari eta titarekadak hartzeko edalontzi sorta bat, mojitorik onenak irabazi du, Eskifaiako bi kidek egindakoa.
Giro ederra izan da lehiaketan, eta jarraian ikus dezakezue irudi bilduma: