Su artifizialak bertan behera, lehenengo aldiz ia 40 urtean
Donostiako Aste Nagusiko su artifizialak gauza askorengatik dira ospetsuak, besteak beste, egiten duen eguraldia egiten duela, beti botatzen dituztelako. Ordea, 2022ko Aste Nagusia su artifizialen lehiaketan nabarmenduta geldituko da, asteazken gauean bertan behera utzi behar izan zutelako su artifizialen ikuskizuna, ia 40 urtean estreinakoz.
Bart izandako haize bolada handiengatik hartu zuten erabakia, Donostiako Festak erakundearentzat 36 kilometro orduko haizea baitzen muga, El Diario Vasco egunkariak argitaratutako informazioaren arabera. Ordea, haize boladak 60 kilometro ordutik gorakoak izatera heldu ziren bart. Saguesko, Kursaaleko eta Flamenkako kontzertuak ere bertan behera utzi zituzten, besteak beste.
Aste Nagusiko su artifizialak 1985eko abuztuaren 14an gelditu ziren bertan behera azkenekoz. Ordukoa, gainera, tragikoa izan zen, Arnal piroteknia etxearen ikuskizuneko suetako bat desbideratu eta ikuslez betetako Kontxako hondartzako arrapalaren inguruan lehertu baitzen. Ondorioz, 5 urteko haur bat hil zen eta 100 bat lagun zauritu ziren, eta, noski, ikuskizuna bertan behera gelditu zen. Arnal enpresak Donostiako Aste Nagusiko su artifizialen lehiaketan parte hartzen zuen zazpigarren aldia zen, eta bi Urrezko Maskor eta hiru Zilarrezko Maskor zituen irabazita ordurako. Ordea, istripu haren ondoren, enpresa desegin zuen Antonio Arnal jabeak. Hiru urte barru 40 urte beteko dira zorigaiztoko gertakari hartatik.