Surik eta kontzertu handirik gabeko gaua izan da
Skakeitan taldea zen Flamenkan jotzekoa. Uda guztian egin ez duen euria egiten ari da Donostian bart gauetik, eta gaurko egun guztian zehar ere hala jarraituko duela diote iragarpenek. Euriaz gain, haize bolada handiak izan dira bart, eta, hain zuzen ere, horregatik, bertan behera utzi zituzten Flamenkako, Saguesko eta Kursaaleko kontzertuak, eta ez zen su artifizialen ikuskizunik egon, ia 40 urtean estreinakoz.
Flamenkan Skakeitan eta 3gabe2 talde donostiarrak ziren jotzekoak, Piraten Eguna borobiltzeko. Ordea, eguerdiko kantujira ederraren eta herri bazkari jendetsuaren ostean, arratsaldean eguraldia zakartzen joan zen, eta, esaterako, ibiltaria izatekoa zen Distopia elektro txaranga Flamenkan bertan gelditu zen. Iluntzean, inork irakurri nahi ez zuen iragarpena egin zuten Piratek: “Bihotzean tristura, piraton egun honetan inoiz hartu nahi ez genukeen erabakia hartzera goazelako, baina ardurak eta segurtasunak behar dute lehentasun. Gaur gaueko kontzertuak bertan behera geldituko dira”. Horrela ere, Trinitate plazako egitarauak aurrera egin zuen: afariak eta Ilargiren eta Indaberen kontzertuak.
Bestalde, Saguesen Mitic talde galiziarra zen jotzekoa, eta Kursaaleko jai gunean Gartxot donostiarra, baina bi emanaldiak bertan behera utzi zituen Donostiako Festakek. Era berean, arratsaldeko buruhandien eta erraldoien desfilea ere bertan behera utzi zuten, eta gaueko su artifizialen ikuskizuna eta zezensuzkoa ere bai; Fully Fused Fireworks enpresa britainiarraren suak ziren botatzekoak. Aipatzekoa da Fully Fused Fireworks enpresak cachearen %60 inguru jasoko duela suak bota ez baditu ere, eta Mitic taldeak cache osoa kobratuko duela, hala zehazten baitute Donostiako Festakek piroteknia enpresekin eta artistekin sinatzen dituen kontratuek, Noticias de Gipuzkoa hedabideak argitaratutako informazioaren arabera.
Gaur ere aldaketak
Eguraldiak zakar jarraitzen du, eta, horregatik, Donostiako Piratek aldaketak egin dituzte Pirata Bihurriak kofradiak antolatutako egitarauan. Hain zuzen ere, Urgullen egin behar zuten Erromeria Eguna Flamenkan egingo dute, egokituta. Era berean, abordatze txikia bertan behera utzi behar izan dute. Donostiako Festakek momentuz ez du aldaketarik iragarri bere egitarauan. Hemen kontsultatu ditzakezue gaurko egitarau eguneratuak, eta egunean zehar aldaketa gehiago izanez gero, informatzen joango da IRUTXULOKO HITZA.

