Euskotren ligan jarraituko du Donostiarrak
Zarauzko bi jardunaldiko estropada erabakigarria izan da; Orio eta Hondarribia izan dira onenak.
Bukatu da Euskotren liga, eta gazi-gozoa izan da Donostiako bi ordezkarientzat. Batetik, Donostiarrak bere helburua lortu du; maila mantentzea. Bestetik, Donostia Arraun Lagunakek ezin izan du berriz ere liga irabazi, Orio nabarmen hobeto aritu delako jardunaldi gehienetan.
Donostiarrak asteburuan Zarautzen jokaturiko bi estropadetan lortu du kanporaketa saihestea. Larunbatean hirugarren sailkatu ziren, eta, atzo, bigarren. Guztira, 23 punturekin bukatu dute liga, Tolosaldeak baino hiru gehiagorekin. Horrela, Tolosaldeak jokatu beharko du kanporaketa.
Donostia Arraun Lagunakek, berriz, bere ezina berretsi zuen Zarautzen. Bi jardunaldietan Orio izan zen onena, eta, gainera, bigarren jardunaldian makalago aritu zen Lugañene ontzia. Izan ere, larunbatean bigarren geratu ondoren, atzo hirugarren postuarekin konformatu ziren. Ligaren isla izan zen Zarauzko jardunaldi bikoitza. Dagoeneko Kontxari begira jarrita daude.
Hirugarren tokian
Eusko Label liga, berriz, ez da bukatu. Donostiarrak ezin izan zuen bi oilarren arteko deman sartu Zarautzen, baina hirugarren postuan jarraitzen dute. Larunbateko estropadan, Urdaibai izan zen onena, eta Donostiarra laugarren postuan sailkatu zen. Aldiz, atzo Hondarribiak irabazi zuen, eta Donostiarra hirugarren izan zen. Dena dela, bi jardunalditako onenak astintzen du bandera, eta hori Urdaibaik lortu zuen. Sailkapen nagusian, bizkaitarrak daude lehen postuan 172 punturekin. Hondarribia da bigarren 169 punturekin eta Donostiarra hirugarren 163 punturekin.
Donostiarraren bigarren taldeak pasa den larunbatean izan zuen estropada Santoñan, eta hirugarren denborarik onena egin zuen. Sailkapen nagusian bigarren tokian jarraitzen dute, Lapurdiren atzetik.