30 marka erakusketa baino gehiago Sportjam Surf Test azokan
Asteburu honetan Sportjam Surf Test azokaren laugarren atala egongo da Kursaaleko terrazetan. Bisitariek, doan, surf, skate, bike eta gainerako ekintza kirolen munduko berrikuntzak ikusi ahalko dituzte eta aurten 30 enpresa baino gehiago izango dira erakusketan parte hartuko dutenak, %60 estatukoak eta %40 frantsesak. Guztira, surfeko 300 taula eta osagarri baino gehiago egongo dira, eta horiez gain, surfboardak, stand ups paddle boardak, bodyboardak, surf-skateak, e-bikeak eta abar. Azoka ostiral honetan hasiko da eta iganderarte egongo da zabalik eta ordutegia honako hau izango da: ostiraletan 16:00etatik 20:00etara, larunbatean 11:00etatik 20:00etara eta igandean 11:00etatik 19:00etara.
Gutxi gorabehera 500 lagunek eman dute izena asteburu hontan Kursaaleko terrazetatik pasatzeko asmoarekin eta aurten emakumeen presentzia handiagoa da, ia % 40koa. Probatu daitezkeen berrikuntzen artean surf taula bat dago, Zurriolako hondartzan erabili daitekeena, eta bizikleta elektrikoa hiriko bidegorrietan probatu daitekeena. Produkturen bat probatu nahi duen orok egin behar duen lehen urratsa produktua eskatzea da sportjam.com webgunearen bidez. Berrikuntza horiez gain, Stand Up Paddle-n hasteko igerileku erraldoi bat eta skate park handi bat egongo dira bisitariek erabiltzeko.