Sortuk manifestazioa egingo du estropadetan 'Independentziarako indarra' lelopean
Gipuzkoako hainbat mugimendu eta dinamiketan lanean dabiltzan Sortuko hainbat kidek prentsaurrekoa egin dute gaur, estropadetan egingo duten mobilizazioa iragartzeko. Irailaren 11n izango da, Donostiako Kontxako Banderako bigarren igandean, hain zuzen, Independentziarako indarra lelopean.
Sorturen ustez “garai ezegonkor eta larriak ari gara bizitzen: atzeraldi ekonomikoa, energia krisia, gerra amaigabeak, aurpegi askotariko indarkeriak, gatazka politikoaren iraganeko korapiloetan kateatzeko saiakerak”, besteak beste. Alderdi independentistak, ordea, “etsipenean” ez erortzeko deia egin du eta “herri honen biziraupenerako, hala herritar ororen bizi baldintza duinak bermatzeko ere”. Sorturen ustez krisia ezin dute “betikoek ordaindu” eta horretarako “berehalako neurriak” hartzera dei egin dute.
Behar diren “errotiko aldaketak” emateko, “lidergo” bat falta dela uste du Sortuk, eta, ezker independentismoa proposatzen du horretarako. Diotenez, azken urteetan erakutsi dute “herri honentzako alternatiba oso bat eta proposamen zehatzak” dituela.