Bikoiztu egin da udan Illunbeko doako autobusa erabili duten pertsona kopurua
(Argazkia: Donostiako Udala) Illunbeko doako autobusaren erabiltzaile kopurua bikoiztu egin da uda honetan, 2020ko udarekin alderatuta. Zerbitzua martxan egon den uztaileko hamahiru egunetan egunean 500 bidaiari baino gehiago izan badira, abuztuan hiru egunetan mila pertsona baino gehiago igo ziren autobusean, El Diario Vasco egunkariak azaldu duenez.
Abuztuaren 9an 10ean eta 19an gainditu zen muga hori, eta 19an zerbitzuak 1397 erabiltzaile izan zituen. Beste egun batzuk ere ez dira zifra horretatik oso urrun geratu. Abuztuaren 4an 941 pertsona igo ziren autobusean, 8an 867 izan ziren eta 17an 860 bidaiarik erabili zuten. Abuztuaren 13an, 14an eta 15ean ez zen zerbitzurik egon, Illunben zezenketak zeudelako, eta faktore horrek bidaiariak galtzea eragin du 2020ko datuekin alderatuta. 2021ean ezin izan zen autobusa martxan jarri, osasun-agintariek txertodromo gisa erabili zutelako Illunbe.
2020ko udan autobusak batez beste 267 bidaiari izan zituen, baina uda honetan batez beste 595 bidaia egin dira egunero. Abuztuko azken hiru egunetako bidaiak zenbatzeke, 28ra arteko kopurua 22.613 da. Marka hori 40 eguneko funtzionamenduan lortu da. Duela bi uda 13.952 bidaiari batu ziren 52 eguneko zerbitzuan.
Aparkalekuak doakoa izateari utziko dio
Illunbeko disuasio-aparkalekuak 24.000 erabiltzaile izan ditu hilabete eta erdian. 2020an hamar egun gehiago iraun zuen zerbitzuak martxan, eta 14.000 pertsonak erabili zuten. Zerbitzua doakoa izan da bi urte hauetan, baina hori aldatu egingo da datorren udatik aurrera, eta ordainpekoa izatera pasako da.

