Donostiako su artifizialek itsasoan hondakinak utzi dituztela salatu dute
Su artifizialek utzitako hondakin ugari, Kontxako hondartzan. (Argazkia: Aitor Senar/'Argia') Aitor Senar gasteiztarrak argazki batzuk bidali dizkio Argia hedabideari, Donostiako Aste Nagusian familiarekin Kontxako hondartzara goiza pasatzera joan zen egun batean su artifizialek utzitako hondakinak aurkitu zituelako. Hain zuzen ere, hondakin horiek ikusten dira argazkietan: kartoiak, kableak, eta abar.
Ingurumenaren arloan egiten du lan Senarrek, eta Donostiako Udalaren ItsaSOS kanpainari erreferentzia egin dio, aipatu hedabideari emandako adierazpenetan: “Udalak abian duen kanpainaren faltsukeriaz jabetuta, ‘itsasoa zaindu behar dugu’ esan eta norberak kutsatu, administrazioak eredu izan behar duenean”. Era berean, azaldu du sorosleei eta FCC enpresako pertsona bati zaborraren berri eman ziela, baina, azkenean, beraiek eraman behar izan zituztela hondakinak edukiontzietara.
“Uste nuen su artifizialek ez zutela hondakin solidorik sortzen edo sortzen zena jaso egiten zela, baina hondakin pila ikusi genuen, eta horri gehitu behar zaio ikusi ez genuena itsasoak barrura eraman zuelako”, gaineratu du Senarrek, baita erakundeei eskatu ere “itsasoan garbi mantendu” ditzatela.

