'Marlowe' filmarekin borobilduko dute Sail Ofiziala
'Marlowe' filmeko protagonista da Liam Neeson aktorea. 70. Donostiako Zinemaldiak Sail Ofizialari bukaera emango dion filma iragarri du: Marlowe. Neil Jordan zuzendaria, eta Liam Neeson eta Diane Kruger aktoreak lana aurkeztera etorriko dira Donostiara. Hilaren 24an izango da mundu mailako estreinaldia, Kursaaleko areto nagusian.
John Banvillek idatzitako The Black Eyed Blonde eleberrian oinarrituta dago filma. Raymond Chandler idazle estatubatuarrak duela ia 90 urte sortutako pertsonaia hilezkorrean oinarrituta idatzi zuen eleberria idazle irlandarrak. 30eko hamarkadaren amaieran Los Angeles hirian girotutako lan horrek Philip Marlowe ikertzailearen istorioa kontatzen digu (Liam Neeson aktoreak antzezten du rola), emakumezko oinordeko eder baten maitalea aurkitzeko enkargua jasotzen duenean, hain justu.
Culinary Zinemako estreinaldiak
Mundu mailako bost estreinaldik osatuko dute Culinary Zinema saila. Batetik, Mibu. The Moon on a Dish –jatetxe japoniar ospetsua sakonki ezagutzea ahalbidetzen du– eta Virgilio –Limako Central jatetxeko sukaldariaren erretratuak– filmak proiektatuko dituzte. Bestetik, La Huella dokumentala –hondartzako ostatu baten historia– eta bi fikzio Xiao shan he eta Tsuchi wo kurau junikagetsu / The Zen Diary.
Culinary Zinema saileko bost filmekin batera, afari tematikoak antolatuko dituzte; zehazki, irailaren 19tik 23ra Basque Culinary Centerren. Afari horien ezaugarri komuna sukaldaritza helmugetarako bidaiak izango dira: Uruguai, Txina, Japonia eta Peru. Emanaldietarako eta afarietarako baterako sarrerak salgai daude Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen bidez, eta 80 euroko prezioa dute. Soilik pelikulak ikusteko sarrerak hilaren 11tik aurrera jarriko dira salgai eta 8,25 euro balioko dute.

