Intxaurrondoko zuhaitz mozketa "ezinbestekoa" dela dio udalak
Marrutxipiko lotune berria egiteko, Etzieta parkeko 600 zuhaitz baino gehiago moztu dituzte. Galera "ekologikoa eta klimatikoa" dela ohartarazi dute Parkea Bizirikek eta Elkarrekin Donostiak.
Etzieta parkeko 500 zuhaitz baino gehiago moztu eta erretiratu dituzte makinek. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Zeresana eman du azken egunotan Intxaurrondoko Etzieta parkean egiten ari diren zuhaitz mozketak. GI-20 saihesbidean Marrutxipiko lotune berria egiteko, 500 zuhaitz baino gehiago moztu dituzte. Hori dela eta, talde ekologistek, alderdi politiko batzuek eta bizilagunek eremuaren soilketa salatu dute. Galera ekologikoa eta klimatikoa dela ohartarazi dute Parkea Bizirikek eta Elkarrekin Donostiak, besteak beste. Aldiz, Eneko Goia alkateak esan du «ezinbestekoa» dela zuhaitz horiek moztea.
Marrutxipiko lotunea hiriko sarbide berri bat izango dela gaineratu du Goiak, eta Gipuzkoako Aldundia dela proiektua exekutatzen ari dena. «Proiektua publiko egin zenetik jakina zen zuhaitz mozketena. Alegaziorik ez zen jaso orduan, baina kezka orain sortu da lanekin hasi direnean», nabarmendu du alkateak. «Ezinbestean egin beharreko lana da azpiegitura hori aurrera eramateko».
Parkea Bizirik elkarteak eta beste talde ekologistek proiektua publiko egin zenean salatu zuten zuhaitz mozketa. «Agintariek ez dietela jaramonik egin zuhaitzak ez botatzeko jendearen eskariei», dio Parkea Bizirikek. Guztira, 665 zuhaitz moztuko dituztela dio elkarteak. 180 udalaren lursail batean daude, eta beste 485 aldundiaren bi lursailetan; 362 Mons pasealekuan eta 123 GI-20 errepidearen erdibitzailean.
Elkarrekin Donostiako Haizea Garai zinegotziak esan du zuhaitz mozketa «kaltegarria eta ingurumenaren aurkakoa» dela. Kalte ekologikoa «tamalgarria» dela gaineratu du: «Ingurune horretan egungo zuhaitzen neurriekin zuhaizti bat izateko, hamarkada asko behar izango ditugu. Bestalde, denbora hori ez dugu klima krisiari aurre egiteko».
Berriz landatuko dituzte
Lanek bi urte inguru iraungo dutela esan du Goiak, eta eremua lehengoratuko dela. «Zuhaitzak berriz ere landatuko dira, eta zaraten kontrako pantailak jarriko dituzte». Zuhaitz mozketek eragindako kritiken aurrean, ondorengoa adierazi du alkateak: «Datu zehatza ez dut, baina azken urteotan egin diren zuhaitz landaketak hor moztu direnak baino dezente gehiago dira. Ez dago eztabaidarik».


