Goizaldiak eguneko arreta zerbitzua eskuragarri egongo da Erdialdean, Antiguan, Intxaurrondon eta Amaran ere
Irailaren 12tik aurrera Erdialdea, Antigua, Intxaurrondo eta Amara auzoek bat egingo dute Goizaldiak eguneko arreta zerbitzuarekin. Halaber, prestazio honen onuradun izaten jarraituko dute Egia, Bidebieta, Altza eta Gros auzoek. Goizaldiak adineko pertsona hauskorrei, isolatuta daudenei edo menpekotasun ertaineko egoeran daudenei zuzenduta dago. Ubikare, adinekoen eta mendeko pertsonen zaintza eta osasun zerbitzu integrala, izango da zerbitzua emango duen enpresa.
Programaren erabiltzaileen errealitatera eta beharretara egokitzeko asmoz, Goizaldiak programa astean hiru egunetan eskainiko da bost egunetan eskaini beharrean, eta betiere aurrez aurre. Zerbitzuaren maiztasuna aldatzeko erabakiaren jatorria “erabiltzaileen premiak” direla jakinarazi du udalak. Gizarte Ekintza zinegotzi Aitziber San Romanen hitzetan, “kontutan hartu ditugu erabiltzaileen egoera eta asmo desberdinak, astean hiru egunetan eskaintzen den zerbitzu batean parte hartzeko prestasun handiagoa baitute, bost egunetan eskaini beharrean”.
2015etik eguneko arreta eskaintzen
Goizaldiak eguneko arreta zerbitzua 2015ean hasi zen Donostian, Udaleko Gizarte Ekintzako Zuzendaritzaren bitartez. Ordutik, erretiratuen etxeetan ari da garatzen programa; izan ere, zentro hauek kudeatzen dituzten adineko erretiratuen elkarteek jarduerak antolatzen dituzte, eta konfiantzazko ingurune bat eskaintzen diete bertaratzen diren adinekoei.
Eguneko arreta zerbitzu honek adinekoekin topo egiteko guneak, memoria entrenamendurako ariketak eta gaitasun kognitiboak mantentzeko ariketak eskaintzen ditu. Era berean, osasun fisikoa eta funtzionala hobetzeko entrenamendua eskaintzen du, gimnasia egokituaren, erlaxazio ariketen, eskulan ariketen edo terapia okupazionalaren bidez. Baita solasaldi edo elkarrizketarako guneak eta ingurune hurbil eta komunitariora txangoak ere.
Goizaldiak zerbitzuan parte hartzeko, beharrezkoa da eskatzaileari dagokion gizarte zerbitzuen zentrora joatea, hitzordua eskatzea eta gizarte langilearengana jotzea, zerbitzu horretan sartzeko eskaera izapidetzeko behar den laguntza guztia emango baitu.

