Jesus Maria Leizaolaren estatuaren inaugurazio ekitaldia hilaren 12an izango da
Euskadi plazan dago Leizaolari eskainitako eskultura, nahiz eta orain estalita egon. Groseko Euskadi plazan kokatu dute Jesus Maria Leizaola lehendakari ohiaren eskultura. Astelehenean inauguratuko dute ekitaldi ofizial baten bitartez. Atzo, asteazkena, udaleko hainbat langilek Euskadi plazan kokatu zuten brontzeko eskultura, eta estali aurrekoa da ikus dezakezuen argazkia.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Batzordeak artelana Donostiako Udalari doan lagatzea erabaki zuen iazko abenduan, lehendakaria erbestetik itzuli zenetik 42 urte bete zirenean. Estatua gorputz osokoa eta brontzezkoa da, eta aldundiak 2007an erosi zion egileari, Xebas Larrañaga Odriozolari, 90.000 euroren truke. Hasieratik, Donostiako kaleren batean jartzea zen asmoa, baina, orain arte, aldundiaren jauregiko ohorezko patioan egon da.
Leizaola erbesteko azken lehendakaria izan zen, eta donostiarra zen. 1896ko irailaren 7an jaio zen, Donostian, eta Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian diputatua izan zen Espainiako Gorteetan, EAJrekin. Ondoren, Agirre lehendakariaren gobernuan zenbait kargu garrantzitsu izan zituen, eta 1960an, Agirre hil ostean, lehendakari kargua hartu zuen, erbestean. Franco hil ostean ere erbestean jarraitu zuen, Autonomia Estatutua onartu zuten arte. Orduan itzuli zen, 1979ko abenduaren 15ean, eta handik bi egunera utzi zion bere kargua Carlos Garaikoetxeari. 1980an, 83 urterekin, legebiltzarkide hautatu zuten, baina handik gutxira utzi zuen kargua. 1989ko martxoaren 16an zendu zen, Donostian, 92 urterekin.

