40 urte sudur puntan jartzen zaiena egiten
Pandemiaren urte gogorrak pasatu dira, Donostia jaiez bete da udan, baina oraindik hiriko jairik arrakastatsuenetako batzuk falta dira: Egiako Porrontxo jaiak. Aurtengoak, gainera, bereziak izango dira, 40. urteurrena ospatuko baitute. Lau hamarkadotan egindako bidea, auzoa bera bezala, aldapatsua izan da, baina maldak ez dira oztopo Egiakoentzat. Porrontxoen historia errepasatu dute hiru belaunalditako hiru jai batzordekidek: Joxean Lozak (Egia, 1969), Miren Tardaguilak (Egia, 1990) eta Naroa Morenok (Egia, 2003).
Porrontxo jaiek 40 urte bete badituzte, 1982tik hona hamarnaka edo ehunka auzokidek egindako lanari esker izan da, baita belaunaldi batetik bestera egin den transmisioari esker ere. Hain zuzen ere, gaur egun jai batzordean dauden hiru kide elkartu ditu IRUTXULOKO HITZAk, hiru belaunalditakoak, beraien oroitzapenen, esperientzien eta sentipenen bidez Porrontxoen historia eta ibilbidea errepasatzeko, baina baita jaiak Egiakoentzat zer diren ezagutzeko ere. Joxean Loza (Egia, 1969), Miren Tardaguila (Egia, 1990) eta Naroa Moreno (Egia, 2003) dira batzordekide horiek.
Loza da hiruetan beteranoena; ez soilik adinari dagokionez, baita jai batzordean daraman denborari dagokionez ere: «30 bat urte daramatzat. Erabaki nuen auzoko zerbaitetan inplikatu behar nintzela, eta jai batzordean sartu nintzen».
Tardaguilak ere esperientzia du jai batzordean, 2017an sartu baitzen, Rinoplastia Operazioa egitasmoaren harira: «Erabaki zen jai batzorde finko bat egongo zela eta beste bat txandakakoa. Azken horretan, boluntario aurkeztu daitezke kuadrilletako kideak, edo zozketa bidez hautatuak izan. Funtzionamendu hori ezarri zen urtean, boluntario gisa sartu ginen, gainetik kentzeko. Eta, orain arte». Batzordean gelditu izanaren arrazoia argi du, gainera: «Giroa oso ona da, eta jaietan lan asko egiten badugu ere, oso ondo pasatzen dugu. Horrek batzordera lotzen zaitu, nolabait».
Aldiz, Morenoren lehenengo urtea da batzordean: «Aspalditik, kuadrillako batzuek hitz egiten genuen batzordean sartzeko, baina beti aurrera begira. Aurten, lehenengo bilera deialdia egin zutenean, esan genuen, ‘ba, goazen’. Ez genuen ezer egiteko asmorik, pixka bat bilera ikustera joan ginen, ea zer giro zegoen. Azkenean, erabat sartuta bukatu dugu».
Arrano elkartetik auzoarentzat
Porrontxo jaiak 1982an sortu ziren, inolako santurik edo patroirik gabe. Orduan oraindik antolaketan ez bazebilen ere, Lozak ondo ezagutzen du sorreraren historia: «Bere garaian, Egiako auzuneetan hainbat jai zeuden: Baztangoak, San Francisco Javierrekoak, eta abar. Jai horiek, poliki-poliki, desagertzen joan ziren. Ordea, Arrano elkartea sortu zenean, zuzendaritzakoek erabaki zuten jaiak antolatu behar zituztela; Egiak por narices jaiak izan behar zituela zioten, sudur puntan jarri zitzaielako. Hortik dator Porrontxo izena. Zenbait urtez, Arranotik antolatu zituzten jaiak, eta gero batzorde bat sortu zen, antolaketa hortik bideratzeko».
1984ra arte, Arrano elkarteak antolatu zituen jaiak, baina auzoko kuadrillak jaietan hartzen ari ziren garrantzia ikusita, urte hartan jai batzordea sortu zuten. Hain zuzen ere, 1985ean egin zituzten estreinakoz kuadrillen igoera eta Tejeria kaleko kuadrillen bazkaria, eta, gaur egun, jaietako jarduera arrakastatsuenetakoak dira. 1986rako, 24 kuadrilla zeuden Porrontxoetan sartuta, eta jaien antolaketan parte hartze zuzena zuten. Kuadrilla kopuruari dagokionez, 1990eko hamarkadan izan zuten jaiek puntu gorena: 50 kuadrilla baino gehiago zeuden, eta 1.000 kuadrillakidetik gora.
Hain zuzen ere, garai hartan sartu zen Loza jai batzordean: «Lagun bat Kupela kuadrillakoa zen. Urte batean, beraiekin ibili nintzen, baina ez nintzen batzordean sartu. Hurrengo urtean, ordea, blusa bat libre gelditu zen, eta orduan bai sartu nintzen. Gerora, lagunek gure blusa propioa sortu genuen».
Tardaguilak eta Morenok, aldiz, Porrontxo jaiak auzoan erabat errotuta ezagutu dituzte beti: «Txikitatik, gure kuadrilla genuen Aitor Ikastolan, eta esango nuke orain ikastetxean bertan egiten dituztela blusak. Txiki-txikitatik bizi izan ditugu Porrontxoak, eta oso barneratuta izan ditugu; are gehiago, Porrontxoetako ostiralean jai genuen eskolan», azaldu du Tardaguilak. Morenok ere auzoaren parte garrantzitsutzat izan ditu jaiak betidanik: «Udalarekin arazoak izan ziren urte haietan [2010. urtearen bueltan], esaterako, gu oso txikiak ginen eta ez genuen ezer ulertzen, baina argi genuen ezin zituztela Porrontxoak kendu».
Belaunaldi eta pertsona bakoitzak bere modura bizi izan ditu eta bizi ditu Porrontxo jaiak, eta, horregatik, bakoitzak bere jarduera gustukoenak ditu jaietan. Lozak, esaterako, maitasun handiz gogoratzen ditu «galdu diren jarduerak»: «Adibidez, kuadrillen arteko jolasak. Niretzat, onena zen Urumean egiten genuena. Hasieran, irlara joateko erabiltzen ziren txalupak ekartzen zituzten kaitik, eta batelen lasterketa egiten genuen. Ordea, momentu batean ezin izan genuen hori egiten jarraitu, eta piraguak erosi genituen, jolasak egiteko. Kristoren giroa sortzen zen: jende pila bat jaisten ginen auzotik Urumearaino txaranga batekin, jendea uretara botatzen zen pasealekutik, eta abar. Jolas gehiago zeuden, baina hori zen nire gustukoena. Ordea, desagertzen joan ziren, eta aurten saiatuko gara jolasak pixka bat berreskuratzen». Morenok ez ditu Urumeako jolasak ezagutu, baina etxean entzun izan ditu horien inguruko istorioak: «Aitak esaten zidan Piraten abordatzea Porrontxo jaietan asmatu zela!».
Bere jarduerarik gustukoenen inguruan galdetuta, Tardaguilak jarduera tradizional bat eta berriago bat aipatu ditu: «Tradizionalari dagokionez, nire gustukoena kuadrillen jaitsiera da; asko gustatzen zait. Ziur aski, jaiak horrekin hasten direlako izango da. Berritasunari dagokionez, niretzat oso berezia da danborrada. Behin egin da soilik, 2019an, baina sekulako arrakasta izan zuen. Proba moduan sortu genuen, iristen ez garen saltokietara, tabernetara eta auzokideetara iristeko. Eta, nik uste dut lortu dugula. Gainera, eragiten du larunbat goizetik martxan egotea».
Morenorentzat, jaiek auzoan sortzen duten giroa da onena: «Pandemiaren aurreko Porrontxoak galdu egin nituen, eta gero pandemiarekin ere ez dira bere horretan ospatu; beraz, ez ditut jaiak benetan gozatu 14-15 urte nituenetik; eta, noski, adin horrekin edo 18-19 urterekin ez dira berdin bizitzen. Baina, auzoan sortzen den giroa bera asko gustatzen zait. Txikitan, esnatzen ginen momentutik sartzen ginen giroan, Porrontxo jaiak ziren eta kito. Eta, kontzertuak eta jaitsiera ikustea… Aurten, jaitsieran parte hartuko dut, eta hobea izango da, ziur».
Sudur Krosa, jarduera esanguratsua
2010ean, jaien diru iturri berri gisa, Sudur Krosa herri lasterketa sortu zuten Porrontxo jaiek. Sei urtez egin zuten, 2010etik 2015era, Kristinaenea parkean, apirilean. 2016an, Donostiako Piratek hartu zuten lekukoa, eta pandemia iritsi zen arte antolatu zuten.
Hala ere, aurretik ere jaietako krosa antolatzen zutela gogoratu du Lozak, baina ez zen oso arrakastatsua: «Jende asko behar zen antolatzeko eta parte hartzea txikia zen; azkenean, parrandan zaude eta ez zaude korrika egiteko. Batzuetan, gaupasaz hartzen genuen parte, oso jende gutxi zegoelako. Orduan, pentsatu genuen fundamentuzko kros bat antolatzea. Jon Jakak, jaietako krosa antolatzen zuenak, proposatu zuen Sudur Krosa antolatzea. Onartu genuen, jai batzordetik dirua eman genion antolatzeko eta urteekin handitzen joan zen. Ordea, lan karga handia zen Jonentzat, eta, azkenean, uztea erabaki zuen. Pixka bat airean gelditu zen, antolaketaren ardura Donostiako Piratek hartu zuten arte».
Pandemia iritsi zenetik antolatu ez bada ere, Porrontxo jaien batzordetik krosa berreskuratu nahi dutela nabarmendu du Tardaguilak: «Asmoa dago, baina oraingoz geldirik dago, jaiak pasatzen direnean berrartuko dugu gaia, udaberrira begira».
Sin Totxa eta Rinoplastia Operazioa
Duela hamabi bat urte, 2010. urtearen bueltan, jaiak kinka larrian egon ziren, eta Sin Totxa mugimendua sortu zen, Egiak bere jaiak nahi zituela aldarrikatzeko. Lozak ondo gogoratzen du urte haietan bizitakoa: «Mugimendua sortu aurreko urteetan, arazo handiak izan genituen udalarekin: isunak jarri zizkiguten ordutegiengatik, eta abar. Horregatik, bildu egin ginen, eta borrokatzen hasi ginen. Azkenean, akordio bat lortu genuen udalarekin: ez zen akordiorik onena, baina zerbait behintzat lortu genuen. Ordea, ostiralean eta larunbatean ordutegiekin pasatzen ginen, eta udalean Denis Itxaso sartu zenean, hau moztu nahi izan zuen: esan ziguten ez zela jairik egongo, ez zizkigutelako baimenak emango».
Horren aurrean, Egiakoak mobilizatu egin ziren, eta Sin Totxa mugimendua sortu zuten: «Sekulako indarra izan zuen auzoan, baina baita hirian ere, laguntza eta babes handia jaso baikenuen beste auzoetatik. Azkenean, kostata, behintzat lortu genuen jaiak aurrera ateratzea, udalak ezarritako ordutegiekin eta nahiko modu murriztuan. Oker ez banago, soilik eguneko jarduerak baimentzen zituzten, baina, azkenean, asko borrokatu ondoren, lortu genuen gauerako baimenak ere ematea», gogoratu du Lozak. Hainbat mobilizazio egin zituzten garai hartan, baina esanguratsuena auzoko ehunka lagunek udaletxeraino egindako kalejira izan zen, Porrontxo eta Porrontxa erraldoiekin batera.
Egian ez ezik, mugimendua presente egon zen beste hainbat auzotan, Tardaguilak oroitu duenez: «Gogoratzen dut, adibidez, kaiko Karmengo jaietan nengoela, eta sudurrak ikusten nituela leku guztietan». Are gehiago, jai batzordekoek nabarmendu dute mugimenduak «asko indartu» zituela Porrontxo jaiak eta Egia bera.
Sin Totxa mugimenduak jaiak indartu bazituen, Rinoplastia Operazioa egitasmoak eraberritu egin zituen handik urte batzuetara, 2017an. Aurretik, Buruhandien Matxinada moskeo kanpaina egin zuten: zabaldu zuten buruhandiek alde egin zutela gordeta zituzten lokaletik, eta Porrontxo jaiak iraultzera zihoazela. Azkenean, agerraldi bat egin zuten Plaza Haundin, eta jaiak eraberritu nahi zituztela iragarri zuten, aurreko urteetan nabaritu zuten beherakadari aurre egiteko. Horren harira, Rinoplastia Operazioa abiatu zuten, jaien egoerari irtenbide bat emateko helburuarekin.
Prozesu horren emaitzarik garrantzitsuena txandakako jai batzordea sortzea izan zen. «Hiruzpalau pertsona gelditu ginen jai batzordean, eta erabaki zen urtero kuadrilla desberdinak sartu behar zirela. Aurretik, hainbatetan eskatu genuen jendea batzordean sartzeko, baina arrakastarik gabe», gogoratu du Lozak. Rinoplastia Operazioarekin, ordea, auzokoen inplikazio handiagoa lortu zuten: «Ideia ona izan zen, ondo funtzionatzen dugulako ordutik».
Ildo beretik, Tardaguilak nabarmendu du egitasmoak eragin handia izan zuela Egian: «Kanpotik, krisi baten moduan bizi izan genuen: esaten genuen, ‘hiruzpalau lagun gelditu dira jai batzordean, eta horrela ezin dira jaiak aurrera atera’. Horregatik, batzordean sartzea erabaki genuen gure kuadrillakook, eta beste bi kuadrilla ere sartu ziren».
Horri guztiari esker, jaien eta jai batzordearen egungo egoera ona dela nabarmendu du Lozak: «Hamar bat urte daramatzagu goranzko joeran, edo gutxienez mantentzen; Sin Totxa mugimendua sortu zenetik, gutxi gorabehera. Orain, plaza egunero betetzen da jaietan, eta horrek poza ematen dizu, ikusten duzulako urte osoko lanak fruituak eman dituela». Bitxikeria gisa, Donostia Festibala Porrontxo jaien asteburu berean egiten hasi ziren duela urte batzuk, eta hasieran horrek kalte egingo ote zien beldur baziren ere, aurkakoa gertatu dela gaineratu du Tardaguilak: «Hara joaten den jende asko gero Egiara etortzen da parranda egitera».
Egoera onean badaude ere, aitortu dute iazko Porrontxoak, pandemiak baldintzatutakoak, «oso gogorrak» izan zirela. Batez ere, «polizia lan asko» egin behar izan zutelako udalak ezarritako neurriak errespetatzeko. «Niretzat, urterik txarrena izan zen, zalantzarik gabe», deitoratu du Lozak.
Porrontxoetan ere, erasoen aurka
2018an, beste mugarri garrantzitsu bat bizi izan zituzten Porrontxo jaiek: Emakume* Brigadaren sorrera. «Behar bati erantzuteko sortu zen: jaietan emakumeok bizi dugun egoerari aurre egiteko, udalak eskaintzen dituen erantzunak ez direlako nahikoak. Eraso matxistak bizi izan dira Porrontxoetan, kanporatzeak egon dira, eta behar horri erantzuteko sortu zen brigada. Eta, lehenengo urtean oso mugimendu indartsua izan zen», azaldu du Tardaguilak.
Moreno brigadan dabil, eta nabarmendu duenez, aurten ere «oso indartsua» izango da: «Jende asko ari da antolaketa bileretan parte hartzen, eta pozik gaude. Protokolo bat garatu dugu, erreferentziazko jendea egongo da, eta abar».
Errotuta eta osasuntsu
1980ko hamarkadan lehen pausoak eman zituzten, 1990ekoan iritsi ziren puntu gorenera, udalaren debekuak gainditu behar izan zituzten XXI. mendearen lehenengo urteetan, eraberritu behar izan ziren duela urte gutxi eta pandemia bat gainditu behar izan dute.
Hori guztia pasatuta ere, jaiak osasuntsu daude, eta jai batzordekoek nabarmendu dute Egiak luzarorako izango dituela Porrontxo jaiak, auzoaren parte garrantzitsuenetako bat direlako. «Egiakoak garenak oso Egiakoak gara, eta Porrontxo jaien egunetan asko gozatzen dugu, festa giroan betikoekin elkartzen garelako; hori ematen dute Porrontxoek», ondorioztatu du Tardaguilak.
Aurtengo Porrontxoen egitarau osoa hemen ikus dezakezue.