Hamaika jarduerarekin datoz Porrontxoak
Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, bueltan dira Egiako Porrontxo jaiak, betiko gogo berarekin. Auzoa jai giroz eta jendez beteko dela uste dute jai batzordekoek.
Iaz, pandemiaren eraginez, erdizka ospatu zituzten Porrontxoak, baina aurten, bere horretan itzuliko dira, indar eta gogo handiz. Auzoa jai giroan murgilduko da astelehenetik igandera, eta ohiko legez, ostegunetik aurrera egingo dituzte jarduera indartsuenak.
Jaietako 40. urteurrena ospatuko badute ere, egitarauan ez dago berritasun handirik. «Betikoa mantendu dugu, gehienbat. Zertarako ukitu funtzionatzen duena?», nabarmendu du jai batzordeko kide Joxean Lozak. Ildo beretik jo du Miren Tardaguila batzordekideak: «Azkenean, jendeak betikoa nahi du: kontzertuak, Enduro lasterketa, danborrada, kuadrillen jaitsiera eta plazan egon».
Horrela ere, urteurrenaren bueltan, Lauaizeta institutura joan zirela gogoratu du Tardaguilak: «Jaien historia kontatzera eta jaiak adin tarte horretako gaztetxoei gerturatzera [12-16 urtekoak] joan ginen. Izan ere, adin tarte horretakoak etortzen dira jaietara, baina ez dute jardueretan parte hartzen. Horregatik, beraiek zer nahi duten entzutera joan ginen».
Astebeteko jaiak
Astelehenean abiatuko dituzte Porrontxoak, eta haurrentzako jarduerak nagusituko dira asteazkenera arte: jolasak, ikastaroak eta txirrista erraldoia egongo dira, besteak beste. Horrez gain, eraso matxisten aurkako argazkia egingo dute asteazken iluntzean, Plaza Haundin.
Ostegunetik aurrera, auzoa erabat murgilduko da jai giroan, egun horretan egingo baitituzte haurren zein gazteen eta helduen txupinazo eta jaitsiera arrakastatsuak. Nabarmentzekoa da, hain zuzen ere, Ainhoa Mujika eta Jon Olarra Egiako presoena izango dela txupinazoaren aurreko pregoia. Biek ala biek hogei urte daramatzate preso, eta Egiako Sarek euren egoera salatzeko dinamika bat abiatu zuen uztailean.
Jaietako jarduera arrakastatsuenei dagokienez, ostiral iluntzean egingo dute Enduro lasterketa, larunbat eguerdian danborrada eta larunbatean kuadrillen afari jendetsua. Horrez gain, askotariko musika taldeek girotuko dituzte jaiak: Fresa Morango DJ-ek, Rock Kam Broomek, Aphaxiak, La Jodederak, Laiotzek eta Bull DJ-ak, besteak beste.
Inoiz baino gogo handiagoa dute
Pandemiaren urteen ostean, «inoiz baino gogo gehiago» dute auzokoek jaietarako, batzordekoen esanetan. «Ikusita udako jai gehienetan egon den jende pila, porrontxoetan auzoa jendez beteko da, ziur», gaineratu du Tardaguilak.
Egitarau osoa hemen ikus dezakezue.