Haizea Garai zinegotziak dimisioa aurkeztu du
Elkarrekin Donostia udal taldeko kide Aitzole Aranetaren «jarrera» dela eta hartu du erabakia. Ezker Anitzaren arabera, Aranetak «hitzez eta fisikoki jazarri» du Garai, «hainbatetan». Aldiz, Aranetak ukatu egin du Garai jazarri izana.
Haizea Garai, Aitzole Araneta eta Marta Huarte Elkarrekin Podemoseko zinegotziak, prentsa agerraldi batean. Bi alderdik osatzen dute Elkarrekin Donostia udal taldea: Ezker Anitzak eta Ahal Duguk. Bien arteko harremana zaildu eta desadostasunak ugaritu dira legealdiak aurrera egin ahala. Batez ere, Haizea Garai eta Aitzole Araneta bi bozeramaileen arteko harremana da okertu dena. Garaik dimisioa aurkeztu zuen pasa den ostiralean, eta Aranetak harekin izandako «jarrerak» eraman du erabaki hori hartzera.
Gipuzkoako Ezker Anitzaren koordinatzaile Arantza Gonzalezek ohar bidez jakinarazi zuen albistea. Gonzalezen arabera, Aranetak «hitzez eta fisikoki jazarri» du Garai, «hainbatetan». Ezker Anitzak halako jarrerak «gaitzesten» dituela nabarmendu du koordinatzaileak, eta ezin dituztela denbora gehiagoz onartu. Dimisioa hilaren 29ko udalbatzarrean gauzatuko da modu ofizialean.
Erabakia aho batez hartu du Euskadiko Ezker Anitzako zuzendaritzak, «egoera bideratzeko saiakerak alferrikakoak izan baitira», oharrean azaldu dutenez. «Horregatik, gure lankidearen osotasuna lehenetsi dugu, ezin baitugu jazarpenik eta indarkeriarik onartu, ez politikan, ez bizitzako beste edozein esparrutan», gaineratu dute. Gonzalezen ustez, Aranetaren jarrerak ez ditu euren «balioak» ordezkatzen, eta «edozein pertsona ezgaitzen du kargu publiko bat betetzeko».
Bestalde, Ezker Anitzak «eskertu eta balioetsi» egin du Garaik Donostiako Udalean egin duen «lan eskerga, EAJren eta PSE-EEren udal gobernuaren politika elitistak salatuz eta alternatibak aurkeztuz, herritar guztiei bizitza duina bermatzeko eta hiria gutxi batzuek dirua egiteko erabiltzen duten espazio handi bat ez bihurtzeko».
Ukatu egin ditu akusazioak
Aranetak Twitter sare sozialaren bidez ukatu ditu Garairen eta Ezker Anitzaren akusazioak. Dioenez, ez daki zergatik eman duen dimisioa Garaik, baina bere erabakia «errespetatzen» du. Aldiz, «gezurtatu» egin ditu haren aurkako «salaketa larriak», eta iragarri du «zuzenketa» eskatuko duela. «Difamazio hau bertan behera uzteko neurri egokiak ere hartuko ditut», gaineratu du.


