Ibaetako frontoiaren egoera "osasungaitza" salatu dute
Ibaetako bizilagun batzuek auzoko frontoiaren egoera “osasungaitza” salatu dute, harmailetan dauden usoen kakek sortutako zikintasunaren ondorioz. Bizilagunek Donostiako Udaleko edo Eusko Jaurlaritzako osasun teknikariei gonbitea egin diete “frontoiaren gradetatik buelta bat eman dezaten eta osasun baldintzak betetzen diren ala ez adierazi dezaten”. “Kontuan izan behar da auzoko haur askok erabiltzen dutela eremu hau”, adierazi dute bizilagunek eta “udalak dagoeneko kexaren bat baduela” gaineratu dute “arazoa ez baita berria”. Azkenik, ohartarazi dute “pandemiak animaliek gaixotasun larrien transmisioan lagundu dezaketela erakutsi duela” eta azaldu dute ez dutela ulertzen udalak nola luzatzen duen egoera hau “Donostia hiri erakargarriaren irudia eskaintzeko jartzen duen indarra ikusita”.