Olinpiadak nerabeentzat, lehen aldiz
San Festo jaien hutsunea sentitu da azken urteotan, eta, horregatik, jende gehiago gerturatu da festen batzordera. Urte gutxi dituen auzoa da, beti haur asko izan dituena, baina pandemiaren ostean haur horiek nerabezarora pasatu dira, eta egitarauan aldaketa hori islatu da.
Loiolako Erriberako azken jaiak 2019an izan ziren, eta auzoak jai giroa berreskuratzeko gogoa erakutsi du azken hilabeteotan. “Pandemiaren etenarengatik jende gehiago hurbildu da festak antolatzeko batzordera, nik ezagutzen ez dudan jendea ere, eta gauza berriak atera dira denen ideietatik”, adierazi du Unai Urkiolak, Erribertxo Kultur Elkarteko kideak. “Azken jaietan, ideia berriei dagokionez, nahiko trabatuta geunden, beraz, batzuetan etenak ondo etortzen direla esan daiteke”, gaineratu du.
San Festo jaiak antolatzeko, Loiolako Erriberako Auzo Elkartea eta Erribertxo Kultur Elkartea biltzen dira. “Lehenengo bilerak ekainean izan genituen, gero uztailean eta abuztuan jendea oporretan dagoelako eta kostatu egiten delako kointziditzea”, nabarmendu du Urkiolak.
Bi elkarteez gain, eta aurten hurbildu den jende berriaz gain, auzoko tabernek ere haien ekarpena egin diete jaiei: “Tabernen laguntza beti izan dugu, jaiak antolatu ziren lehenengo urtetik. Guk ez dugu haiek ekarpen ekonomikorik egiterik nahi, hortaz, nola kolaboratu dezaketen ikusten saiatzen gara, eta normalean, txapelketen sariak kudeatzen dituzte”. Sari horien artean, afari bat edo janari lote bat egon daitezke. “Denoi komeni zaigu auzo egitea”, adierazi du Urkiolak. Aurten, gainera, auzoan parte hartu nahi duten erakundeak daude: “Askatuakek saskibaloi jarduera bat proposatu du eta Igeltegi klubak ere futbol torneo bat antolatu du”, azaldu du.
Nerabeentzat jarduerak
Urkiolak onartu du egitarau gehiena «gainontzeko urteetako bera dela», baina aldaketa batzuk egon direla adierazi du. “Auzo gaztea da, ume asko zituena eta jarduera gehienak haientzat ziren. Baina, pandemiarekin, haurrak hazi dira eta orain nerabeak dira, 12-14 urtekoak, eta beraientzat jarduera berriak jarri behar izan ditugu”, nabarmendu du.
Jaiak hasten direnean, ostiralean, piknik bat egiten dute eta aurten nerabeentzat izango da: “Piknikean jendea mozorrotu egin behar da, eta, aurten, gaia gau elegantea da, beraz, dotore jantzi beharko gara”. Piknika Giuseppe Verdi plazan izango da, eta musikarekin girotuta egongo da. “Oihan Vegarekin jarri gara harremanetan, eta gazteak etortzea espero dugu”, esan du Urkiolak.
Urkiolarentzat, piknika “jarduera arrakastatsuena da”. “Estilo informal horrek funtzionatzen du. Bakoitzak bere mozorroak eta janaria ekartzen ditu, eta pixka bat nahaste-borrastea da, baina baita oso herrikoia ere, eta niri asko gustatzen zait”, adierazi du.
Baina festek izango duten berrikuntza nabarmenena gazteentzako olinpiadak izango dira, antolatuko diren lehenak. “Olinpiadak kiroldegian egingo ditugu. Beti utzi dizkigute instalazioak beste jarduera batzuk egiteko, eta, aurten, aisialdi talde batekin, Olinpiadak antolatu ditugu bertan”, azaldu du.
Olinpiadetan parte hartzeko izen-eman behar da, eta horretarako, bi modu daude: aplikazio baten bidez edo webgune baten bidez. “Izen-ematea dagoeneko irekita dago”, azaldu du Urkiolak. “Lehenengo aldia denez, pixka bat kezkatuta nago, eta horregatik, kartelak atera ditut, jendea apuntatzeko”, gaineratu du.
Olinpiaden eta Oihan Vegaren emanaldiaren helburua gazteek “auzoko nortasuna barneratzea” dela ohartarazi du Urkiolak. Olinpiadetan “kuadrillaren izena sortzea, talde bakoitzak bere alkandora propioa izatea… Hori izango litzateke helburua”, gaineratu du. Oihan Vegaren emanaldiari dagokionez, “ordutegia berandu arte” luzatu beharko dela nabarmendu du, “gazteek hori eskatzen dutelako”.
Loiolako Erriberako egitaraua hemen irakurri dezakezue.