Realeko neskek Atletico Madrilen aurka hasiko dute liga
“Joan den urteko denboraldia errepikatzea gustatuko litzaidake”, adierazi zuen atzo Natalia Arroyok, Realeko nesken entrenatzaileak. Bihar liga hasiko dute Atletico Madrilen aurka, sailkapenaren aurreneko postuetan denboraldiko arerioetako bat izango dena. Neurketa zaila izango da Atletico Madrilek “ondo fitxatu” duelako eta “taldean zituen jokalari bereizgarriak mantendu” dituelako. Neurketa Madrilen izango da, eta txuri-urdinek etxean debuta egiteko bigarren jardunaldira itxoin beharko dute.
Realeko mutilak berriz, Getaferen aurka neurtuko dira igandean, Colliseum Alfonso Perez futbol zelaian. Imanol Alguacilen taldea, Europa Ligan Manchester Uniteden aurka lortutako garaipenaren ostean, Quique Sanchez Floresen taldearen aurka lehiatuko da. Txuri-urdinek garaipena lortu nahi dute ligako lehen postuetara hurbiltzeko, baina partidua ez da erraza izango Getafe azken postuetan dagoelako eta puntuak behar dituelako.
Eskubaloian Bera Berak, bihar, Granollersen aurka jokatuko du Katalunian. “Ondo gaude, taldeak ulertu du gure porrotaren arrazoiak non dauden eta espero dugu akats horiek ez errepikatzea larunbatean, ez delako partida erraza izango”, adierazi zuen Imanol Alvarezek atzo prentsaurrekoan. Alvarezek onartu du jokalariak “minduta” daudela, baina “egoerari aurre egingo” diotela adierazi du.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 1. jardunaldia
- Atletico Madril – Reala (bihar, 12:00)
Gizonezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Getafe – Reala (igandean, 18:30)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 2. jardunaldia
- Granollers – Bera Bera (bihar, 16:00)