Kirol emaitzak

Bera Berak sentsazio onak berreskuratu ditu

BeraBera_Granollers Bera Beraren eta Granollersen arteko norgehiagoka. (Argazkia: Bera Bera)

Etxeko porrota ahazteko, Bera Bera eskubaloi taldeak garaipen ona eskuratu zuen larunbatean, Granollersi irabazita (22-33). Lehen jardunaldian Gaska kiroldegian galdu izanak sentsazio gazi-gozoa utzi zuen taldearengan eta zaleengan. Herenegun, ordea, defentsako lana berreskuratuta irabazi zuten. Gainera, zenbaki borobilen partida izan zen. Arcosek 300. gola eta Fernandesek 200. gola egin zituzten ligan. Horrez gain, Eider Tapiak debuta egin zuen Bera Berarekin, eta kontraerasoan bere estreinako gola egin zuen. Datorren larunbatean, Elx hartuko dute Gaskan, eta garaipena eskaini nahiko diete jarraitzaileek.

Futbolean, gizonezkoen Realak arratsalde beltza izan zuen atzo, Getaferen zelaian. Neurketa txarra jokatu zuten txuri-urdinek, eta Umar Sadiqen lesioak are gehiago ilundu zuen porrota. Realeko jokalariak Old Traffordeko balentriatik Getafeko amesgaiztora amildu ziren. Remirok penalti bat gelditu arren, bi gol oparitu zituzten. Bigarren zatian saiatu ziren partidaren bila joaten, eta Brais Mendezen golak berdinketa lortzeko atea ireki zuen. Ordea, ez ziren gai izan bigarren gola egiteko. Zazpi punturekin jarraitzen dute txuri-urdinek, eta ostegunean Omonia hartuko dute Anoetan, Europa Ligako bigarren jardunaldian (18:45).

Emakumezkoen Realak, ordea, ezin izan zuen liga hasi. Madrilera joan ziren Atletico Madrilen kontra jokatzeko, baina emakumezkoen lehen mailako epaile eta epaile laguntzaileek deituriko grebarengatik atzeratu beharrean izan ziren. Bi taldeak berdegunera jauzi egin, eta 30 minutu beranduago, epaile talderik agertu ez zenez, bertan behera geratu zen neurketa.

EMAITZAK

Eskubaloia

Emakumezkoen ohorezko maila, 2. jardunaldia

  • Granollers 22 – Bera Bera 33

Futbola

Gizonezkoen lehen maila, 5. jardunaldia

  • Getafe 2 – Reala 1

Emakumezkoen lehen maila, 1. jardunaldia

  • Atletico Madril – Reala –bertan behera–
HITZAkide HITZAkide