Igeldoko garagardo azoka bueltan da
Hiru urteko etenaren ondoren, Igeldoko garagardo azoka berreskuratuko dute. Hilaren 23tik 25era izango da, Igeldoko frontoian, eta garagardo artisauak eta bertako produktuak eskainiko dituzte. Igeldoko herritarren arteko auzolanari esker antolatzen dute azoka.
Aurtengoan dastatu ahal izango diren garagardoak honakoak dira: Bizio, Ummagumma, Baobeer, Meta eta Refu. Jateko berriz, Pasaiako portutik ekarritako hegaluzea, Ezkurtxerriren saltxitxak eta hirugiharra parrilan erreta; inguruko baserritarren tomate entsalada eta gindilla frijituak, kus-kusa barazkiekin eta Idiazabal artzain gazta.
Azokaren ordutegiari dagokionez, hilaren 23an 18:00etik 23:30era egongo da zabalik. Hilaren 24an, berriz, 12:00etatik 23:30era, eta hilaren 25ean 12:00etatik 18:00etara.