Cabezudo kartzelan mantentzeko eskatu dute Fiskaltzak eta akusazio partikularrak
Argazkilariaren aurkako epaiari helegitea jarri diote defentsak eta akusazio partikularrak, eta epaia behin betikoa izan arte, baliteke Cabezudo aske gelditzea.
Kote Cabezudoren auziko bista egin dute ostegunean Gipuzkoako Auzitegian, eta Fiskaltzak eta Mario Diez abokatua buru duen akusazio partikularrak eskatu dute Cabezudori behin-behineko espetxealdia ezartzeko. Defentsak, aldiz, eskatu du Cabezudo behin-behinean aske uzteko. Izan ere, ekainean 28 urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri bazioten ere, epaiari helegitea jarri diote akusazio partikularrak eta defentsak; zigor handiagoa eskatzeko akusazioak eta absoluzioa eskatzeko defentsak.
Cabezudo 2018tik dago espetxean, eta bere auziko zigor txikiago batzuk betetzen ari da gaur egun. Ordea, helegiteak zertan gelditzen diren argitu arte auzi nagusiko epaia ez denez behin betikoa izango, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera, baliteke argazkilari donostiarra “laster” baimenak eskatzen hasi ahal izatea edo aske gelditzea; zigor txikiago horiek betetzen dituenean, alegia. Horregatik, hain zuzen ere, eskatu dute akusazioek behin-behineko espetxealdia.
Cabezudoren hainbat biktima biltzen dituen Indarka plataformak “haserrea eta beldurra” adierazi du argazkilaria aske ikusteko aukeraren aurrean: “Nola eta zertan oinarrituta onartu dezake Justiziak sexu erasotzaile bat kalera ateratzea? Estamentu guztien erabateko abandonu sentsazioarekin jarraitzen dugu. Hamarkada bat baino gehiago itxaron dugu epaitua izan arte, eta denbora horren guztiaren buruan, Auzitegiak epai bat eman zuen, akusatuaren hitza soilik kontuan hartuta. Baina, laster utziko diogu ikusezin izateari, Disney+ plataformak xehetasunez kontatuko baitu Cabezudo kasuaren inguruko guztia”. Izan ere, plataforma hori auziari buruzko telesail bat prestatzen ari da.
Gogoratu behar da honako delitu hauengatik ezarri diotela Cabezudori 28 urteko espetxe zigorra: bortxaketa delitu batengatik, sexu abusuen beste batengatik, haur pornografiako sei deliturengatik eta iruzurreko bi deliturengatik. Aldiz, leporatzen zizkioten 217 deliturengatik absolbitu zuten. Fiskalak 250 urteko espetxe zigorra eskatu zuen argazkilariarentzat epaiketan, eta akusazio partikularrak 2.627 urtekoa.
Cabezudo kasua
1990eko hamarkadatik, argazkilari ezaguna zen Cabezudo Donostian. 2013ko urtarrilean jarri zuten haren aurkako lehenengo salaketa: argazkiak egin zizkion emakume batek salatu zuen orduan, iruzurra, sekretuak agerraraztea eta irain egitea leporatuta. Pixkanaka, halako salaketa gehiago jartzen eta biktima gehiago azaleratzen hasi ziren. 2018ko udaberrian oraindik kalean zegoen, nahiz eta ordurako dagoeneko bederatzi aldiz hartu zion deklarazioa epaileak. Epailea aldatu zutenean sartu zuten espetxera, 2018ko maiatzean. Urteotan, hainbat zigor txiki jaso ditu Cabezudok, besteak beste, salatzaileetako batzuen argazkiak Internetetik ez kentzeagatik, epaileak hala agindu ondoren. Ekainean, aipatu moduan, auzi nagusiarengatik zigortu zuten.