Hedonai estetika zentroko langileen osasuna arriskuan dagoela salatu du LASek
Donostiako Langile Autodefentsa Sareak borrokaldia abiatu du Hedonai estetika zentroko langileekin batera, bertako lan baldintzak hobetu daitezen. Jakinarazi dutenez, enpresarekin bildu ostean hartu dute erabaki hau, eta borrokaldia intentsitatez handitzeko asmoa dute.
Erdialdean dago Hedonai estetika zentroa, eta bertako langileek azaldu dutenez, hilabeteak daramatzate lantokiko baldintzak salatzen: “osasungaitza” dela salatu dute. Besteak beste, “zikinkeria, lizuna eta hezetasunak” dira nagusi haien lantokian. Horren ondorioz, langileen osasunak okerrera egin duela adierazi dute, “gaixotasunak, asmaren areagotzea, sudurreko zauriak” eta abar pairatu baitituzte laneko baldintzak direla-eta.
Enpresak, ordea, ez die kasurik egin eta ez du neurririk hartu haien osasuna bermatzeko, jakinarazi dutenez. Gainera, ordutegi berriak ezarri dizkiete, eta horrek “are gehiago zailtzen du lana eta egoera familiarra” uztartu ahal izatea.
Hala, borrokara jo dute Hedonai zentroko langileek, Donostiako Langile Autodefentsa Sarearekin batera, eta langileen osasun eta lan baldintzen defentsan: nagusiki, osasun-baldintzak bermatzeko neurriak har ditzala exijitu diote enpresari, eta horretarako, lantokian hainbat obra egin ditzala eskatu diote.
“Bizitza garestitzen ari den bitartean, Hedonai bezalako enpresek pobretzera eta lan baldintza negargarrietan lan egitera behartzen dituzte langileak. Horrelako [enpresa] askok, beren irabaziak bermatzeko, legeak sistematikoki urratzen dituzte, inolako ondoriorik izan gabe”, adierazi dute Donostiako Langile Autodefentsa Sareko kideek: “Horren aurrean, langile klasearen antolakuntza da aukera bakarra”.