Yago Agirrek 46. postuan bukatu du Australiako Munduko Txapelketa
Emil Herzog txirrindulariak irabazi du urrea, Antonio Morgadok zilarra eta Vlad Van Mechelenek brontzea.

Txirrindularitzako Munduko Txapelketa jokatzen ari dira Australiako Wollongong hirian, eta gaur gazte mailako errepideko proba izan dute. Yago Agirre donostiarrak Espainiako selekzioarekin parte hartu du, eta 46. postuan bukatu du, irabazlearengandik ia 12 minutura. Horrela ere, asko dira lasterketa bukatu ez dutenak.
Emil Herzog txirrindulariak irabazi du urrea, Antonio Morgadok zilarra eta Vlad Van Mechelenek brontzea. Hain zuzen ere, ihes eginda iritsi dira lehen biak, eta esprintean Herzog alemaniarra izan da azkarrena. Morgado portugaldarra zen hautagai nagusia, baina bigarren tokiarekin konformatu behar izan da. Van Mechelen belgikarra, berriz, bederatzi ziklistez osaturiko multzoan azkarrena izan da.
Agirre gazte mailako Espainiako txapelduna eta Donostialdea Bizikletan taldeko txirrindularia da, eta denboraldia borobiltzeko aukera izan du munduko txapelketako partaidetzarekin. Datorren denboraldian ez du Donostiako txirrindularitza klubean jarraituko, eta laster argituko da bere etorkizuna.