Odon Elorzak sozialisten primarioetan parte hartzeko behar zituen abalak lortu ditu
Donostiako PSE-EEren hurrengo alkategaia erabakitzeko primarioak egingo dituzte datorren hilabetean. Odon Elorzak jakinarazi du nahikoa abal batu dituela primarioetan parte hartzeko.
Abal horiek aurkezteko epea bukatu baino egun bat lehenago, alkate ohiak ohar baten bidez adierazi du hiriko afiliatuen %15ek babestu dutela. Orain, primarioak antolatzen dituen batzordeak baieztatu beharko du haren partaidetza. “Beraz, primarioak egingo dira interes handiko eztabaidekin eta militantziaren azken erabakiarekin”, nabarmendu du Elorzak.
Marisol Garmendia izango du aurrez aurre primarioetan. Udaleko sozialisten bozeramaileak baieztatu ez badu ere, nahikoa abal dituela aurreikusten da. Izan ere, pasa den astean 57 militantek babesa adierazi zioten Garmendiari.
Elorzak, berriz, pasa den astean adierazi zuen nahikoa abal lortzea “kostatzen” ari zitzaiola, eta eskerrak eman dizkie haren alde egin duten militanteei. “Primarioak egitea PSE-EEren barne demokraziaren ariketa bikaina da. Primario demokratikoen prozesu eredugarria egingo dugu, eta oso modu positiboan proiektatuko da Donostiako gizartera”, gaineratu du.