Ander Izagirrek 'Vuelta al país de Elkano' liburua argitaratu du
Ander Izagirre, 'Vuelta al país de Elkano' liburuarekin. (Argazkia: Elkano Fundazioa) Ander Izagirre idazle donostiarrak La vuelta al país de Elkano (Libros de K.O.) liburua argitaratu berri du, eta liburu dendetan salgai dago astelehenetik. Izagirrek berak Josu Iztuetarekin, Ane Miren Mirallesekin, Naila Jornetekin, Garbiñe Mendizabalekin eta Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurzunekin iaz egindako bidaia bat du abiapuntu liburuak. Hain zuzen ere, 2021eko irailean, bizikletan abiatu ziren Getariatik (Gipuzkoa), eta, bederatzi egunez, 750 kilometro egin zituzten, Euskal Herriko hainbat herritatik pasatuz. Zehazki, Juan Sebastian Elkano getariarrak duela 500 urte egindako mundu birarekin eta beste hainbat itsas esploraziorekin lotura izan zuten herrietatik pasatu ziren.
Bidaia horretan oinarrituta, “Euskal Herriko bira geografikoa, historiakoa eta mentala” egin du Izagirrek, Elkano Fundazioaren hitzetan. 400 orrialdeko liburuan, uztartu egin ditu bidaien kronika, abenturen narrazioa, azalpen historikoa eta saiakera, “munduari emandako lehen biran parte hartu zuen gizarte haren eta egungoaren arteko kontrasteak eta antzekotasunak erakusteko”.
Aipatzekoa da Izagirrek hainbat sari irabazi dituela bere idazle ibilbidean, besteak beste, Euskadiko Literatura Saria 2017an, eta Erreportaje Literarioentzako Ryszard Kapuscinski Saria 2022an. La vuelta al país de Elkano asteazkenean, hilaren 28an, aurkeztuko du Donostian; 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxean.

